Hauteskundeek gizartearen mapa politikoa eraldatu ohi dute lau urtetik
behin eta, dirudienez, atzoko emaitzek 2001 eta 1998ko argazkien arteko
bataz bestekoaren apustua egin dute. Argazki interesgarria geratu denik ezin
uka. Abstentzioaz, behintzat, atzoko %31 dezente hurbilago dago 1998ko
%30etik orain lau urteko %21 hartatik baino. Ez da falta izango partaidetza
murritz hau eguraldi eskasari leporatuko dionik baina aldez aurretiko
inkestek sumatzen zuten datua da.

        Emaitzen arabera, PNV/EAJ-EAk koalizioak lortutako portzentaia (%38,60)
orain lau urtekoaren dezente azpitik (%42,72) geratzen da baina 1998ko
datuaren (%36,7) gainetik. PPren portzentaia (%17,32) ere orain dela lau
urtekoa (%23,12) eta zortzi urtekoa  (%20,13) baino nabarmen motelagoa. PSEk
atzo eskuratu zuen portzentaia (%22,64), ostera, 2001koa (%17,90) eta
1998koa (%18,6) baino altuagoa da.

        PCTC-EHAKk (%12,54) orain lau urte EHk lortutakoa (%10,12) gainditu du,
1998ko emaitzetara (%17,91) heldu ez den arren. EB (%5,47), berriz, 2001ko
datuari (%5,58) eutsi dio, 1998ko emaitza (%1,3) erraz asko gaindituz.
Azkenik, Aralarrek %2,34 lortu du.

        Bistan da euskal gizarteak ez duela oraingo honetan 2001ko mamurik 
sumatu,
ez duela euskal autogobernua auzitan ikusi, eta ez dituela hauteskunde hauek
Estatutu Politiko Berriaren plebiszitozat hartu. EAJ-EA koalizioak (29)
PSE-PP (18-15) bikoteak elkarrekin baino lau parlamentari gutxiago lortu du,
baina ez 1998 bezala, 5 gutxiago.  Eta aurreko bi autonomikoetan ez bezala,
sozialistek bigarren postua kendu diote PPri.

        Ibarretxeren koalizioak 4 parlamentari galdu arren, EHAKk (9) 2 gehiago
lortu dituenez eta Aralarrek bat, Legebiltzarraren parlamentari abertzaleak
39 izango dira, 2001an (40) eta 1998an (41) baino gutxiago. EHAKren emaitza
onek animatuko al dute Batasuna mundua behingoz ekintza armatuari muzin
egiten?

        Amati�o
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to