animo Elena! Oier berihala osatuko da, seguru.
Besarkada bero bat.
asier
Gure ume txikiak, bi urte t’erdiko Oier potolito eta berritsuak,
retinoblastoma bat dauka. Retinoblastoma begian agertzen den tumore
kantzerigenoa da. Oierrek ezkerreko begian dauka, eskumakoa ez dauka
ukituta.
Joan zen martitzenean txanda geneukan umea oftalmologoarengana
eramateko. Begia piska bat okertzen zuela antzeman genion, eta pentsatu
genuen hobe zela kontsulta bat egitea. Pentsatzen genuen, trankil asko,
antiojoak edo partxe bat ipiniko ziotela, estrabismoren bat edo izango
zela.
Oftalmologoak segituan igarri zion eta beste paterfiliorik gabe esan
zigun: Oierrek tumore bat dauka, retinoblastoma bat, eta ezkerreko
begiko ikusmena erabat galduta dauka. Gaur egun badago tratamendurik
tumore horri aurre egiteko, borroka begia salbatzeko izaten da. Ez
ibiltzeko bueltaka, Madrideko La Paz ospitalera eramateko, Abelairas
medikuarengana.
Ostegunean goizeko bederatzietan La Pazeko haur ospitalean geunden.
Abelairasek ikusi zuen eta diagnostikoa berretsi. "Retinoblastoma
unilateral izquierdo". Mugan begia salbatzeko. Ekografia eta analisiak
egin ondoren, sei zikloko kimioterapia agindu zigun, biharamonean hasteko.
Ez da erraza haur ospital bateko onkologi zerbitzuan sartzea, ez
behintzat tripan golpe bat sentitu gabe, jakinean gainera zure umea
haietariko bat dela. Karrotxoetan zihoazen hilabeteetako umeak,
futbolean ibilitzeko adina dutenak, diskoteketan burua sartzen hasteko
adina dutenak, denetik zegoen han. Gehienak burua estalita. Izugarria
zenbat irakur daiteken ilerik ez daukaten umeen begietan. Begirakun
tristeak iruditu zitzaizkidan, serioak, arduratsuak, helduak. Guztiak
zain itxarongelan, lehiotik ihes egiteko gogoa ematen zuen eguzkia
sartzen zen bitartean.
Bigarren egunean, kimioterapia hartzea tokatzen zitzaigun egunean,
erabat murgilduta geunden. Umeak izena hartzen hasi ziren, gurearekin
jolasean hasi ziren. Eta gurea ere, haretxen moduan, tratamendua hartzen
hasi zen.
Goiz osoa egon ginen laborategi txiki hartan sartuta, kableari
entxufatuta, ipuinak kontatzen, bideoak ikusten eta galletak jaten. Ordu
biak aldera bukatu eta ospa, etxera, hurrengo ziklorarte, hiru aste barru.
Laurak aldera hasi ziren kimioaren ondorioak. Oier botaka hasi zen, eta
horrela pasa zuen arratsalde osoa. Ura ere ezin edan bota gabe, lorik
egin ezinda, nahiz eta makalik egon, gomitoka hasten zelako. Etxera
iritxi ginenerako umea traputxo bat zen. Orduan tokatzen zitzaion
ospitalean emandako botika hartzea, botagurea kentzeko. Botika hartu eta
bost minutura hasi zen umea janaria eskatzen, jaten, kantuan eta
dantzan. Primeran afaldu zuen eta hobeto lo egin. Harrez gero bere onera
etorri da, eta ez du ondorio gehiagorik izan.
Orain umea ondo dago. Bihar bueltatu behar dugu erresonantzia bat
egitera, zerebroa ikututa daukan ikusteko. Eta hurrengo, hilaren 12an,
bigarren kimioterapia zikloa.
Prozesua luzea izango da, gogorra ziurrenik, baina Oier sendatu egingo da.
Honeraino kontatzeko neukan premia, premia izugarria. Bloga egiten
asmatzen badut, bertara joango da. Baina orain ez daukat horretarako
indarrik.
Elena
------------------------------------------------------------------------
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: eibartarrak@postaria.com
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: eibartarrak@postaria.com
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]