Adineko euskaldun fededun askok ez du ulertzen zelan arraio
Santiago eguna jai den Euskadin. Gure aittitta zenak, nahiz eta
jaiegunero mezatara joan, Santiago egunean apropos uzten zion
joateari, Espaiñako patroia zalako.
Auskalo gero frankismoaren eraginez izan ote zen, baina gerra
ostean indarrez zabaldu zen euskal itsasbazterreko Santiago-bidea.
Jakitun ei zirenek erakutsi ziguten Nafarroatik pasatzen zen bide
frantsesaz gainera, bazela beste bat, Irungo Santiago zubitik sartu
eta Pasaia, Igeldo, Itziar, Astigarribia, eta Ziortza barrena, Bilbora
zihoana. Hala ere, gero etorritako jakitunek bide hori gezurtatu dute.
Elena Barrena eta Jose Antonio Marin azterlariei jaramonik
egingo badiegu, gaurregungo mapak besterik ematen badu ere, IX-XI
mendeetan ez zen jakineko biderik Gipuzkoa eta Bizkaiko
itsasbazterrean. Gaurko begiez ikusita gauzarik normalena Donostiatik
Bilborako autopista iruditu arren, orain dela mila urte Gipuzkoako bide
nagusiak ez ziren ezker-eskuinekoak, behetik gorakoak baino, hau
da, ibaiak jarraituz, hegoaldetik iparralderantza Nafarroatik eta
Arabatik itsasoraino zihoazenak.
Erdi Aroan Mediterraniotik Atlantikorako galtzadarik
garrantzitsuena Tarraco-Oiaso (Tarragona-Iruñea-Bidasoa) zen eta
Bilborako bidea ez zen itsas-albokoa, Iruñetik Beasain, Bergara eta
Elgetarainokoa baino; edota Arabatik zehar Arlaban, Arrasate eta beti
ere Elgetara bitartekoa, hemendik Elorriora jaitsi eta Durangaldean
zehar abiatzeko. Aldi berean, Akitaniatik Bidasoaraino zetorren bideak
ez zuen itsasbazterretik jarraitzen, Andatzarratetik zehar Lasartetik
Beasainaldera baino, eta hemendik, berriro ere, Elgeta gainera.
Beraz, gure itsasbazterreko Santiago-bidea oinarririk gabeko
asmakizuna da eta gure turismo-paperak gezurretan ari dira. Itsasaldeko
herriek pentsa dezakete ea zertara datorren orain sasi-boikot hau, eta
elgetarrek pentsa lezakete, ostera, ea noiz arraio den euren txanda.
Amatiño
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]