Atzo bezalako egunean, 1895eko San Inazio egunez, Sabino
Aranak Euzkotarren Aberria Euzkadi da esan eta lehen euskal alderdi
abertzalea sortu zuen. Nekez pentsa zezakeen orduan Aranak bere
ekimenak 110 urte iraungo zukeenik.
Bizkaiko hazkuntza ikaragarria izan zen XIX mendearen azkenaldi
hartan. Araba eta Gipuzkoako biztanlegoa %15 gehitu zen bitartean,
Bizkaikoa %94 hazi zen. Berrogei urtean (1860-1900), Barakaldoko
biztanleria %460 gehitu zen, Abantokoa %650, Trapagarangoa %850 eta
Sestaokoa %2.700. Ez zuen, ostera, denak gora egin Bizkaian, kanpotar-
jario hartan euskarak behera egin baitzuen ezinbestean, %90etik %11ra
hiru belaunaldiren buruan.
Adierazpidetzat baino ez, orduko lekuko dira, oraindik ere,
Bilboko Burtsa, Arriaga Antzokia, Bilbo eta Bizkaia Bankuak, Bilboko
Udaletxea, Portugaleteko Bizkaia Zubia, Santanderrerako Tren Geltokia,
Foru Diputazioren Jauretxea, Labe Garaiak, Euskalduna (ontziolak) eta
Ibaigane (Athletic) jauregiak etab.
Sekulako hazkuntza harek inoiz Euskal Herrian izan diren
dirutzarik handienak suspertu zituen (espainiar estatuko enpresa-
kapital guztien erdia Bilbo inguruan bildu omen zen) eta baita inoiz
baino txartoago banatuak eta partekatuak ere. Segurutik sekula ez da
izan Euskal Herrian aberats eta langile xumeen artean orduan besteko
alderik.
Aldi berean, taiuz eta zentzuzko aldaketa nabarmen haiek gertatu
ziren lege zaharrak eta lekuan lekuko herri-erakundeak galzorian eta
noraezean suertatzen ari ziren bitartean. Giro deserrotu hartan sortu
zuen Aranak Euzko Alderdi Jeltzalea, arrazoiz zein ez, berak gogoan
zuen herri-eredua maldan behera ikusten zuelarik.
Geroztik ez dira 110 urte alferrik joan. Inondik ere ez gero
Aranaren meritu soilez, baina bai berak piztu zuen argi-izpiari esker,
gaur egungo euskal gizartea ordukoa baino askoz ere justuagoa,
egituratuagoa eta nazioagoa da. Zail da gero asmatzea, baina nik neuk
sinatuko nuke hurrengo 110 urteetan beste horrenbesteko aurrerapausua
ematea.
Amatiño
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]