“Buongiorno, notte” filme italiarra dugu zine-karteldegietan.
Brigada Gorriak talde terroristak Aldo Moro Kristau Demokraziaren buruzagia
bahitu zuen 1978an, Erroman, trukean zenbait presoren askatasuna lortzeko
asmotan. Baina Gobernuak (Francesco Cossiga Barne Ministroak dimititu egin
zuen) eta Vatikanoak (Paulo VI) ez zuten terroristek itxarotako malgutasunik
agertu eta, 55 egunen buruan, bahitua erail zuten.

        Filme politikoa ez da ohikoa zinemagintzan, baina lantzean behin
gustura hartzen da horietako bat, beti ere onuragarri da-eta joan berri den
historiaren hainbat gertakari garrantzitsu errebisatzea, besterik uste arren
giroak eta egoerak zein bizkor aldatzen diren ikusteko baino ez bada ere.

        Dena dela, zuzendariak ez du nahi izan gertakarien zertzelada
historikoak zehatz-mehatz bildu, bahitua eta bahitzaileen arteko harreman
intimista azaldu baino. Batetik, Aldo Moro, unibertsitate-irakasle eta
hainbat aldiz Italiako lehen ministrari izandako kristau heldua (62 urte)
eta, bestetik, lau laguneko terrorista taldea, Chiara neska gaztea (23 urte)
batez ere, zein egunez liburutegian funtzionari den eta gauez, berriz,
espetxe bihurtutako etxe-zuloaren zaindari.

        Eguneroko errutina iraungaitza, telebistak islatzen duen gizartea
(Raffaella Carrà-ren showa tarteko) eta  etxebarruko arnasestuaren arteko
kontraesana, ortodoxia iraultzailearen dialektika, errealitatez kanpoko
errebeldia, militanterik gabeko militantzia, langilerik gabeko
langile-mugimendua, herririk gabeko herrigintza... Chiarak nahi eta ezin du.
Nahi du brigadista izan baina bihotzak besterik dio.  Nahi du bahitua
salbatu baina ametsetan baino ez du lortuko.

        Filmea, eraz eta moldez, arrunt xinplea da, baina elkarrizketa
esanguratsuz josia, taxuz eta zentzuz. Heroi izatetik asasino izatera dagoen
urrats urria... Mundua salbatzeko inor hil beharra… eta “ez balute inor
hilgo ez lieke inork jaramonik egingo” bezalako salaketa mortalak… 

        Merezi du.

        Amatiño

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to