Duela ia 25 urte egin zen ETBrentzako lehen casting-a. Orain 
50 urte inguru dituzten gazteak pasatzen ari ziren banan-banan kamera 
aurretik, denok serio asko, muttur luze eta betozko ilunez. Halakoren 
batean, aukera-lanetan ziharduen Xabier Elorriaga aktoreak zera esan 
zuen: “Hau da gero gazteria traszendentala... inork ez al daki hemen 
irriparrik egiten?” Eta aurrean zeukan gazteak bota zion haserre 
antza: “Herri hau ez dago irriparretarako¡”.

        Geroztik 25 urte joan dira eta ez alferrik. Lehen urte 
haietan “Albaniako konkista”, “Segoviano ihesa” edo “Mikelen heriotza” 
bezalako filmeak ekoiztu zituen euskal zinemagintzak nekez sumatu 
zezakeen orduan noizbait “Aupa Etxebeste” modukorik aurkeztuko zenik 
Donostiako Zinemaldian. Ezin uka gero euskal gizartearen erregistroak 
zeharo aldatu direna.

        Jakina, ez gara erregistro berrietara bat-batean heldu. 
Gogoratu baino ez dago 1985etik aurrera ETBn  izan diren “Bi eta 
bat”, “Beni eta Marini”, “Jaun ta jabe” eta beste hamarren bat titulu, 
oraingo “Martin” eta “Wazemank” tarteko. Esaera zaharrak dioenez, jokoa 
ez omen da errenta, baina bistan da umorea behintzat badela errenta 
euskal produkzioaren baitan. 

        Umorearen errenta bila, ildo beretik datorkigu “Aupa 
Etxebeste”, euskal ikusle arruntaren pozerako eta zine-kritikari 
fundamentalisten depresiorako. Nonbait ez gaude inoiz konforme. Gai 
serioak lantzen direnean ez omen gara herri normala, gatazkaz  lepo 
baizik; eta, gainera, kritikari sakonen ustez, zailago omen da barre 
eragitea, negar eragitea baino. Baina gero, umorearen meazuloa 
aurkitzen dugunean, ez omen dakigu gauza serioak egiten... ez omen gara 
sekula irriparrezko erregistrotik ateratzen... umorea arinkeria, 
errazkeria omen.

        Esanak esan, nik gustura hartuko nuke hilean behin “Aupa 
Etxebeste”ren parekorik. Telmo Esnal eta Asier Altunaren filmeak ez du 
segurutik Zazpigarren Artearen etorkizunik salbatuko baina bai, behar 
bada, euskal zinezale sufrituaren guraria, ordu t’erdiz baino ez bada 
ere, baretuko.

        Amatiño



_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to