Katalunia nazioa da. Honela dio hango Legebiltzarrak onartu berri
duen Estatutu berriak. Erabakiak bazterrak harrotu ditu nazioa bat eta
espainiarra baino ezin dela izan uste dutenen artean. Ez da gero
harritzekoa, hainbat belaunalditan zehar ideia hori erakutsi baita
eskoletan eta beste horrenbeste azpimarratu komunikabideetan. Arraroa
litzateke jendeak besterik uste izatea.
Nazio kontzeptua ez da, berez, kontzeptu politikoa, eta estatu-
nazio bikoteak ez du beti elkarrekin joan beharrik. Estaturik gabeko
nazio ugari dago munduan eta baita naziorik gabeko Estatu asko ere.
Honek ez du esan nahi, baina, azken bi mendeotan bi ideia horiek
elkarrekin uztartzeko interes politikorik izan ez denik. Gaur egun ezin
esan naziotasunari buruzko eztabaida politikoa eta beroa ez denik.
Galdetu bestela Kataluniako Estatutu berria betozko ilunez hartu
dutenei.
Hala ere, besterik uste arren, naziotasunaren agiri ofiziala ez
da aspaldikoa. Adibidez, guztiok nahitaez daroagun Nortasun Agiri
Nazionalak hirurogei urte baino ez ditu. Zehatz, 1944ko martxoaren 2an
jarri zuen indarrean Franco diktadoreak. Hau da, nere aittitta-amamek
heldu samarrak zirela atera behar izan zuten eta nere gurasoek, berriz,
ezkondu ondoren.
Eta ez gero pentsa NAN herrialde guztietan normala den agiria
denik, ez behintzat gizarte anglosaxoietan. Gogoan dut 1963an izan
nuen lehen ingeles-irakaslea harri eta zur utzi nuela karneta erakutsi
nionean, hatzamar pottoloaren tinta-lorratz eta guzti, poliziaren
kontrolpeko gaizkilea banintz bezala. Guk uste genuen, ostera, hura
zela mundu guztian normalena.
Ondoren jakin genuen, ezkutuan jakin ere, Sabino Arana izenekoren
batek euzkotarren aberria Euzkadi da esan eta euskal nazioa
aldarrikatu zuela XIX. mendean. Eta geroago ikasi genuen, berriz,
XVIII. mendean Aita Larramendik normaltasun osoz aipatu izaten
zituela nación bascongada eta nación del bascuence bezalako ideiak.
Beraz, jira eta buelta...
Amatiño
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]