Europako Alderdi Demokrataren ekimenez, EAJ-PNV tarteko, aurreko
asteburuan eratu ziren Venezian Islam eta demokrazia izeneko
jardunaldiak. Hurrengo astelehenean, Europako Batasunak Turkiaren
sarbiderako negoziazioei ekitea erabaki zuen, Austriaren eragozpenak
gainditu ondoren.
Kultura islamdarra eta mendebaldeko sistema demokratikoa
ezkongarri ote diren ala ez izan zen, besteak beste, Veneziako
jardunaldien eztabaidetako bat. Zenbaiten ustez Islama sinesmena eta
erlijioa ezezik, balore-sistema ere bada, hain zuzen ere mendebaldeko
demokraziaren balore-sistemarekin beti ere bat ez (omen) datorrena.
Hala ere, Europa munduaren zilbortzat dutenen kontra, hiru oinarrizko
ideia azpimarratu ziren jardunaldien ondorioetan.
Lehenik, Hego Ameriketan diktadurak nagusitu arren, ez zaio
inori bururatu kristautasuna eta diktaduren arteko lotura zuzenik
salatzea. Ezin ahaztu zenbait mendetan islama kristau-erlijioa baino
toleranteagoa izana dela, Cervantesek berak Algeriako espetxetik
bueltan adierazi zuen bezala, Inkisizioa aipatzen hasteke.
Bestetik, herri arabiarren arazorik haundiena ez da islamaren
eragina, ganorazko gizarte zibilik eza baino. Demokraziak eskatzen
dituen tolerantzia, aniztasuna eta errespetua izan badira islamaren
baitan. Herri islamdarren artean falta dena besterik da, alegia:
edozein gizarte aurreratuk bere inguruan landu beharreko erakundetze-
prozesua eta industria-garapena.
Azkenik, Europako estatu demokratek ere badute zer eginik herri
arabiarren demokratizazioa errazteko. Aski litzateke, esate baterako,
hitzarmen ekonomikoak sinatzeko orduan giza-eskubideak bete beharra
eskatzea --Turkiarekiko harremanak kasu--, negoziazio komertzialak
bideratzerakoan gobernurik ustelenaren errazkeria bilatu beharrean.
Esan beharrik ere ez gero, islamdarrek beraiek ere zer eginik
badutela. Ramadana dela eta atzo bertan ETBk eskaini zizkigun irudiak
ezin adierazgarriagoak ziren. Euskadin ditugun islamdar guztiak
gizonezkoak ote?
Amatiño
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]