Nazio-nortasuna puri-purian dagoen honetan kaleratu berri da
“Hablando con Xavier Zubiri. Sobre la identidad nacional”, José Antonio
Artamendi irakaslearen saiakera. Filosofo eibartar honek “giza-izakeraren
fenomenologiari” buruzko tesiaz bereganatu zuen filosofia-doktoretza orain dela
40 urte Parisen eta, geroztik, historia, antropologia, gizarte, kultura eta
hizkeraren filosofia landu eta irakatsi izan du hainbat unibertsitatetan.
Antton Artamendik jakin badaki nazio-nortasunari buruzko aipamen
hutsak neurribako iskanbila eta zalaparta goriak eragiten dituela
politikagintzan eta, horregatik hain zuzen ere, jakineko egoera eta geografia
guztien gainetik aztertzen du gaia, eztabaida sakonak ohi baino lasaitaun eta
patxada gehiago behar duelakoan.
Ezer aurretik, Artamendik zenbait intelektual liberalen
“unibertsalismoa” iruzurtzat salatzen du, beti ere aldez aurretik ondo lotutako
nazio-ereduaz baliatuz sasi-unibertsalak izateko euren modu zehatz eta erosoa
proposatzen dute-eta.
Haren ustez, globalizazioaren ondorioz, estatua handiegia da etenik
gabeko aldaketen aurrean eta txikiegia, ostera, mundu globalari erantzun ahal
izateko. Beharrezko omen da urraspide berriak asmatu, herri bakoitzak “berezko”
kultur-giroari erantzuten jarraitzerik izan dezan. Eta, aldi berean, formula
berriak behar omen dira proposatu sentiberatasun eta herrigintza ezberdinak
elkarrekin bizitzeko eta partekatzeko.
Artamendik atzera begira egituratzen eta moldatzen ditu
nazio-nortasunaren nondik norakoak baina irudimena eta eraberrikuntza
aldarrikatzen ditu, ordea, nazioaren etorkizuna segurtatu ahal izateko.
Nazioak, iraungo badu, erakargarri izan beharko du ala ez da bestela, sekula,
nazio izango.
“Berrasmaketa hau lortu ahal izango dute euren berezko izakeraz jabetzeaz
gainera giza-aniztasuna partekatzeko gauza izango diren herriak <...> Lortzen
dutenek iraun ahal izango dute eta besteak ura lurrean bezala galduko dira edo
batere ezaugarririk gabeko lokatz bilakatuko”.
Amatiño
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]