Industria-tradiziorik betidanik egon izan da Euskal Herrian.
Energia-tradiziorik ez, ostera. Industria gure-gurea izan da eta
energia, aldiz, inorena, zerutik edo auskalo nondik baletor bezala.
Euskaldunok gutxienik bostehun urte daramatzagu gure kontsumorako
baino gehiago behar ditugun produktu industrialak egiten (burdina,
altzairua, ezpatak, eskopetak...) eta argindarra asmatu zenetik
behintzat guk geuk kontsumitzen dugun baino energia gutxiago ekoiztu
izan dugu. Gure homo faber eskolak normaltzat jo izan du produktu
industrialaren esportazioa. Oraindik ere bekatu latza iruditzen zaigu,
ordea, energia esportatu daitekeenik pentsatzea ere.
Industriarik zikinena ere jatorra da eta gure ekimen izerditsuaren
lekuko gainera. Energiarik garbiena, berriz, arrotza eta uxatu
beharrekoa. Gure hainbat herritan elkarrekin bizi dira forja,
fundizioa, eskola, Eroski eta Osakidetza. Inork ez du, aldiz, energia-
ekoiztetxerik bere inguruan nahi. Arazoa, bestelako arrazoien gainetik,
lehin eta behingoz kulturala da.
Giro honetan, zenbaiti entzunez gero badirudi Boroako planta
infernuko tximinia dela eta atzeko atetik ezkutuan sartu dena. Inoiz
gutxitan esaten da, ostera, Boroako instalazioa natur-gasez argindarra
egiteko tailer edo lantegi bat gehiago besterik ez dela, Zornotzako
Udalak industria-eremutzat propio kalifikatutako lurretan kokatua eta
indarrean dauden osasun, segurtasun eta ingurumen baldintzarik
zorrotzenak betetzen dituena.
Segurutik etxebizitza-bloke batean inori ez zaio gustatuko atarian
tintoreria, tanatorio, jatetxe edo night clubik jartzea baina, gaur
egungo gizarte arautu honetan, tintoreria, tanatorio, jatetxe edo night
cluben ugazabei ez die etxebarruko eskailera-buruko bizilagunen
batzarrak zer egin behar duten esaten, etxebizitza-bloke horretan aldez
aurretik erabakitako estatutuek, udal-arauek eta indarrean dauden
legeek baino.
Hori da legea betetzea. Hori da aldez aurretiko demokrazia. Eta
kontrakoak, onenean ere, beste izenen bat du.
Amatiño
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]