Pedro Migel Etxenike fisikariari Espainiako 2005  Ikerkuntza 
Saria eman diote. Ez da gero Etxenikek jaso izan duen lehen saria. 
Lehendanik ere edozenbat sari irabazitakoa da baina, hala ere, behar 
bada ez dira bere inguruko sariak Etxenikeren maila ondoen neurtzen 
dutenak, nazioartean duen ospea baino. Izan ere, Etxenike da 
nazioarteko ligan jokatzen duen euskal zientzilaririk onena.

      Orain 25 urte, Garaikoetxea lehendakariak Etxenike gazte 
ezezaguna lehen Hezkuntza Sailburu izendatu zuela-eta, egunkari honek 
Bartzelonara bidali ninduen hango Unibertsitate Autonomoan irakasle zen 
fisikari nafarra elkarrizketatu nezan. Nor arraio elkarrizketatu behar 
ote nuen jakiteko Josu Oregi bergararrari galdetu nion eta berak 
erantzun: “Etxenike da Nobel Saria irabazi lezakeen euskaldunik 
bakarrenetakoa”.
   
      Kazetariok lotsagabeak omen garenez, baita nik Etxenikeri berari  
Nobel Saririk noizbait  irabaziko ote lukeen galdetu ere: “Nobel Sariak 
ez dira perretxikoak bailiren ustekabean sortzen. Horretarako behar da 
ikerkuntza maite duten 50.000 gazteren gizartea, non loratzen diren 
5.000 ikerleri, zeinetatik 500 onak diren, 50 puntaren puntakoak eta 
horietako bat, piramidearen gailurrean, behar bada, Nobel Saria edo”. 

     Piramide horren  eredu ona da segurutik unibertsitate ingelesa 
eta, besteak beste, Cambridge Unibertsitateko Cavendish Fisika 
Departamendua, 1873an sortu zenetik hona milaka ikerlari on eman 
dituena eta, horietatik 28, Nobel Sariak hain zuzen ere. Etxenike bera 
ere 1984-1985 urteetan izan zen irakasle Cavendish Laborategietan, Max 
Perutz (1962ko Kimika Nobel Saria), Hermann Bondi (Steady State 
Universe teoriaren jabe eta Stephen Hawkinsen aurretik zulo beltzak 
ikertu zituena) eta lehen-lehen mailako beste hainbat ikerlarirekin 
batera. 

     Guztiok onartzen diogu Etxenikeri maila haundia. Inoiz gutxitan 
pentsatzen dugu, ostera, Xabi Alonso, Josune Bereziartu, Miguel 
Indurain, Jose Mari Olazabal edo Ainhoa Arteta bezain ona edo hobea 
dela.

     Amatiño


_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to