Greba egiteko ESKUBIDEA?

Aspaldi irabazitako batailak askotan ahaztu egiten ditugu antzinatasun hori dela medio. Hori da, batzuen aburuz, Partidu Popularrari Espainian gertatutakoa. Ados egon naiteke, ala ez. Baina hori ez da atera nahi dudan trapu itsusia, ez nuke ezer berririk gaineratuko hau irakurriko duenarentzat. Gaur beste aldetik doa haria. Asteartean lasai asko geunden klase bateko azken bost minutuak aprobetxatu nahian (badirudi irakasleek bukaeran eman behar dutela beti zaplazteko potoloena) eta halakoan atea ireki zen. Lau pertsona sartu ziren aurpegia “scream” pelikulako hiltzaileak daraman aurpegi-zorro horietako batzuekin... eta beltzez jantzita laurak. Neska bat zihoan aurrena. “Itxoizuz bost miñutu neska, klasia amaitziarren dakat ta!” eskatu zion irakasleak. Entzungorrarena egin eta bere ondoan tinko geratu zen. Beste batek kartel bat jarri zuen paretan: “A-17 GREBA. BOLOGNA. A-9”. Egun berean, atean, ikastalde ordezkariei deialdia egiten zitzaien bilera informatibo batetara joan zitezen. Eta gurea, joan da. Gaur, delegatuak azaldu dizkigu berari esandakoak:

EHUko tasak igo nahi dituzte, unibertsitatea pribatizatzeko eta horrela dirudunek bakarrik izan dezaten ikasteko eskubidea, bekak eta dirulaguntzak ere kendu nahi dituztelako. Irakasleek ez dutela materiarik emango, klasera joan, apunteak banatu eta bakoitzak bere kontura ikasi beharko duela. Eta abar. Eta hortaz, azaroaren 17rako greba proposatzen dutela, eta... BOTAZIOA, GEHIENGOAK EZEZKOA ERABAKITZEN BADU, NORBERARENGAN GERATZEN DA GREBA EGIN ALA EZ AUKERATZEKO ESKUBIDEA, BAIEZKOA IRTETZEN BADA, BERRIZ, DENOK GAUDELA BEHARTUTA GREBA EGITERA.

Greba egiteko eskubidea aspaldi lan eta indar handiz lortu zen. Guda sozial eta politiko baten emaitza dugu greba eskubidea. Zerbait lortzeko metodo egokia den ala ez, beste diskusio bat izan daiteke, baina denok baldin badugu greba egiteko eskubidea, mesedez, utzi baita ere lan egiteko eskubidea. Izugarrizko amorrua eman dit demokrazia eskatzen dutenek bere barne arautegietan prozesu hain zentralista eta zapaltzaileak izateak. Gaur ikusitakoarekin, haien proposamenarekin ados egon ala ez kontutan izan gabe, argi ikusi dut talde horretan ez dudala parte hartuko.

Demokrazia nahi badugu, eskubideak nahi baditugu, planteamenduak izan daitezen berdinak gustuko dugun emaitza eta gustuko ez dugun kasuetan, hori baita demokraziaren oinarrietako bat. Demokraziazale horiek izugarrizko ostikoa eman diote gaur demokraziari.

Botazioan BAIezkoa irten da. Greba egiteko eskubidea betebehar bilakatu da. Klasera joan nahi duten horiei beraien greba eskubidea izorratu diote, greba eskubideak ez baitu lan eskubidearen oztopo izan behar.



Josu.


_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to