Munduan zehar sakabanaturik bizi direnez aparte, euskaldunik gehienok
Auñamendiren bi magaletan bizi gara. Zenbait Espainiako Erresumaren
hiritarrak gara eta beste hainbat Frantziako Errepublikarenak. Egia da inork
ez digula, ez batzuoi eta ez besteoi, hautatzeko aukera handirik eman baina
egia ere bada horrela dela.
Euskaldun askok garbi omen dugu beti ere hobe litzatekeela euskal
hiritar
hutsak izatea, espainiarrak edo frantziarrak baino, baina ez genuke ordea
erantzun errazik izango frantziarrak ala espainiarrak, bietarik zer nahiago
ote dugun izan inork galdetuko baligu. Izan ere, ez dakit zergatik ez diogun
galdera hau geure buruari egiten, gaur gaurkoz errazago eta egiazkoagoa
baita Frantzia eta Espainiaren artean erabaki ahal izatea, Frantziarik eta
Espainiarik gabeko Euskal Herririk osatzea baino.
Esan bezala, ez dut uste inoiz entzun dudanik, aukeran, hobea ote den
frantziarra ala espainiarra izatea, baina sarri entzun izan dut, ordea, hobe
dela errepublika monarkia baino. Dirudienez, euskaldunik gehienontzat askoz
ere aurrerakoiagoa da errepublika monarkia baino, monarkiak gure zenbait
nortasun eta eskubide historiko onartu arren eta zorioneko errepublikak,
ostera, Euskal Herririk denik ere ez onartu.
Hastapenei bagagozkie, badakit errepublika monarkiarik liberalena baino
demokratikoagoa dela baina, euskal praktikari atxikiz behintzat, ez dut
ulertzen zertan den Jacques Chirac politikaria presidente hautatu ahal
izanaren abantaila eta zertan, berriz, Felipe printzea errege hautatu
ezinaren abantailarik eza.
Euskaldunok kartesiano samarrak gara lanorduetan, iraultzaile sutsuak
baxoerditan eta guztiz homologagarriak, berriz, telebistaurreko
bakar-orduetan. Baina, gurea argitzen den bitartean, nik nahiago Borboiren
bat errege, Aznarren sokakoren bat espainiar errepublikaren presidente
baino.
Ez, ez naiz teoriaz hitzegiten ari. Biekin izan dut aurrez aurre Euskal
Herriko arazoez hitzegiteko beta eta, aukeran, ezta hurrik eman ere gero.
Amatiño
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]