Sarri aipatu ohi da politikak badituela merkatuak onartzen ez dituen
arrazoiak. Kontrakoa entzutea ez da horren normala, hau da, merkatuak ere
badituela politikak ulertu nahi ez dituen arrazoiak. Kontraesan honen
eredurik onena Iparraldea da: Frantziak Euskal Herririk denik ere ez onartu
arren, Frantziako merkatuak gero eta hobeto baloratzen ditu “made in Pays
Basque” produktuak.

        Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak eta Udalbidek estreinako
elkarrekin eskainitako laguntzaz, “Hemen” Euskal Herriko ekonomia indartzeko
elkarteak kaleratu du “Economie locale et identité culturelle” txostena, non
euskal produktuek Frantziako merkatuan duten harrera ona aztertzen den.

        Oinarrizko tesia ezaguna da azken 20 urteotan mundu anglosaxoian, 
Espainia
zein Frantzian nahiago izan arren ezikusi egitea: globalizazioak aurrera
egin ahala munduan lehiatzeko abantailetako bat tokian tokiko
herri-nortasuna da. Jatorri ezaguna, berezitasuna eta segurtasuna dira
kontsumatzaileek produktuak aukeratzekoan gogoan dituzten baloreak.

        Turismoa, jakiak, edariak, artisautza, oihalgintza, etxe-hornikuntza,
herri-musika, folk-souvenirrak etab. dira merkatuan gero eta arrakasta
gehiago duten euskal ekoizpenak. Pays Basque izenak ez du ofizialtasunik,
baina Pays Basque markak gero eta gehiago saltzen du, eragozpenik falta ez
den arren.

        Zenbaitek zalantzan jartzen du zilegi ote den herri-nortasunaz  
baliatzea
merkatuan negozioak egiteko. Beste muturrean, ordea, bada Ipar Euskal
Herriko produktuak Beran, Nizan  edo Txinan egiten dituenik. Txarrenean ere,
Bera Euskal Herria omen eta Niza, Frantzia. Baina Txina?

        Eragozpenak eragozpen, euskal ekoizpenen arrakastak merkatu-estrategia
eskatzen du, Hegoaldeko zein Iparraldeko Eusko Label bateratua tarteko.
Zerbait beharko, euskal produktuen jatorria defenditzeko. Bretoiek 1995an
sortu zuten “Produit en Bretagne” elkartea eta honez gero 2.000 artikulu
dituzte, 170 enpresa eta 85.000 lanpostu. Eta 85.000 lanpostu ez dira gero
artalak...

        Amatiño


_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to