Xabier Ezeizabarrenak (Donostia, 1970), Zuzenbide Doktorea eta EAJren
zinegotzi Donostian, euskal arazoa zertan den aztertu du asteburu honetan
Belfasteko Unibertsitatean, non Eskozia eta Ipar Irlandako egoerak zein
Alemania, Austria eta Belgikako ereduak ere azaldu diren.

        Hiru dira, Ezeizabarrenaren ustez,  egungo euskal politikagintzan
burujabetzari buruz azaltzen diren aldarriak. Lehena, orain arteko autonomia
baino gehiago ukatzen duena eta, beraz, euskal lurraldeen eta Espainiaren
artean ezelango burujabetza partekaturik onartzeko gertu ez dagoena.
Bigarrena, euskal autogobernu gehiago aldarrikatu arren, burujabetza
partekatua ontzat joten ez duena, burujabetza osokoa baino ezin delakoan
izan. Hirugarrena, berriz, hainbat ordenamenduren arteko burujabetza
partekatua gogoan duena, gero eta gehiago munduan zehar gertatzen ari omen
den bidetik.

        Ezeizabarrenaren iritziz, nazioarteko sistemari dagokionez, funtsean bi
eredu nabarmen daude mendebaldean. Batetik, Ameriketako Estatu Batuen osoko
burujabetza,   gizabanakoen oinarrizko eskubideak hausteaz gainera Irakeko
inbasioa edo Guantanamoko presondegiarenak bezalako esperientziak eragiten
dituena. Eta, bestetik, Europako Batasunaren burujabetza, munduan zehar
“europartzat” joten diren baloreak jagotearekin batera, baldintza eta muga
guztien gainetik burujabetza partekatuaren gero eta adibide gehiago
eskaintzen dituena.

        Burujabetza partekaturen kontzeptu hau Ezeizabarrenak berak duela hiru 
urte
Oxfordeko  Unibertsitatean landu zuen eta orain argitara eman berri du (La
ciaboga infinita). Gai berbera Daniel Innerarityk aztertzen du Bilboko
Udalak 2002an saritutako saiakeran (La transformación de la política) eta
hainbat hamarkada lehenago Manuel Irujok aurreratu zuen, Estatua
aldarrikatzearen gainetik nazioa aldarrikatu beharra azpimarratu zuenean,
Josu Legarretak (Desde el futuro. Nacionalismo es más democracia) gogoratu
bezala.

        Amatiño


_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to