Joe gure fisikua, zelan dabillen.
Aspaldiko !

Ander Arroita



Oier Bikondoa wrote:


Kaixo,

Nuklearra dela eta ez dela, hor gabiltza. Gaur egun, arrazoi askorengatik, uste dut jende gehiena nuklearraren kontra gaudela, baina askotan, uste okerrak ditugu.


1. Arriskutsua dela: bai... eta ez. Suarekin gertatzen den bezala: izatez arriskutsua da, baina segurtasun handiz erabili dezakegu. Erreaktore bateko erreakzio nuklearra nola kontrola daitekeen, eta behar den teknologia ondo ezagutzen da gaur egun, eta baita Txernobilekoa gertatu baino askoz lehenago ere. Txernobilen gertatutakoa erraz sahiets zitekeen langileek segurtasun-arauak jarraitu izan balituzte (ikus Wikipedia, adibidez). Zentral nuklearrak (berrienak behintzat), segurtasun-sistema hirukoiztuak dituzte, hau da, bat ez badabil, beste bat jarriko da martxan eta hori ez badabil, beste bat. Eta hiru horiek ez badabiltza ere, beste neurri batzuk erabiliko dira istripu larririk gerta ez dadin. Hori da teoria behintzat. Zentral nuklear baten segurtasunari buruz dokumental interesgarri bat hemen ikus daiteke: http://www.vega.org.uk/video/programme/67 (Real Player behar da).

Hori bai, dena ez da perfektua, eta zerbait ez badabil ondo... ba istripu larriak gerta daitezke (Three Mile Island, EEBB-tan: http://en.wikipedia.org/wiki/Three_Mile_Island). Kontsolamendua: istripu bakoitzarekin gehiago dakigu, eta zailagoa da istripuak berriz ere gertatzea.

2. Zikina: ba bai, baina zentralek negutegi efektua ez dute handitzen... beraz Kyotoko akordioa betetzeko egokiak dira. Eta sortzen den zaborra, bolumenean, oso txikia da, baina arriskutsuak oso. Hondakinak, 100000 urte baino gehiago izan daitezke erradiaktiboak. Gaur egun ez dago modurik hondakin hauek tratatzeko, eta zaila izango da modu egokirik aurkitzea. Hondakinen parte haundi bat birziklatu (birpurifikatu) eta birerabili egiten da gaur egun.

3. Osasunerako kaltegarria: erradiaktibitatea kanpora igor ez dadin, zentralek horma bikoitzak eta hirukoitzak dituzte, fluido zirkuitu itxiak etab. Ez da egia zentralek " ohikeriaz" igortzen dutenik. Istripuengatik, edo zabarkeriagatik, bai, gertatu izan dira igorpenak.

4. Garestia: ez. Izatez, zentral nuklearretan ekoiztutako elektrizitatea, merkeenetakoa da, gastu guztiak kontutan hartuta (eraikuntza, erregaia/uranioa, zentralen desegituraketa). Adibide bezala, kostuak (euro zentimotan, kilowatt orduko): eolikoa (5.0-13.0 artean), hidraulikoa (2.0-10.0), fotovoltaikoa (eguzki panelak: 25.0-125.0), nuklearra (3.2-3.5), ikatza (3.7-4.0), ziklo konbinatua (3.3-4.3). (Datuak: Pierre Morvan: Nucleaire, les chemins de l' uranium).

5. Berriztagarria bai ala ez: hondakinen parte haundi bat birziklatu egiten da eta uranioa oso ondo profitatzen da. Purifikazio teknikak aurrera doaz ere, eta badirudi 2030. urterako, uranioaren 238 isotopoa "erreko" duten zentralak eraikiko direla (gaur egun aukera hori aztertzen ari dira). Uranio 238-a, 235-a baino askoz ugariagoa denez, Asierrek aipatutako 100 urteko muga hori aise gaindituko litzateke. Naturan, uranioaren %0.71-a U235 da, eta U238-a, %99 baino handiagoa.

6. "CO2a_ sortzen duelako: lehengaiaren erauzketa eta garraioak petrolioaren deribatuen menpe daude." Kritika berdina egin dakioke beste energia motei ere, ez al da (eraustutako) metalik behar panel solarrak egiteko? Ez al dira nahi diren lekuetara eraman behar (kamioiez)?

7. Erabilera militarra: egia da, energia nuklearra sortzeko erabiltzen den teknologiaren gehiengoa, armak egiteko ere erabili daiteke eta erabiltzen da.


Energia nuklearra, U238-a erretzen duten zentralak asmatzen badira, (ia)-jasangarria izan liteke oso epe luzerako. Baina arrazoi asko daude nuklearra ez erabiltzeko, garrantzitsuenak (niretako): hondakinena eta arriskuarena. Bi arrazoi horiek nahikoak dira nuklearra alde batera uzteko. Aukera bakarra energia berriztagarriak direla, nik ez dut % 100 argi. Etekinaren problema daukagu: energia berriztagarrietatik atera daitekeen etekina nahiko txikia da. Adibidez, gaur egun, Amatinok aipatu bezala, ez ditugu behar beste soro Euskal Herrian beharrezkoak diren eguzki panel guztiak jartzeko. Eta bagenitu ere, eguzki panelendako, bateriak beharko genituzke egunez lortzen den energia gordetzeko. Eta bateriak egiteko materialak lortzeko, erauzketak beharrezkoak dira, etab. Nik uste energia berriztagarriak ahalik eta gehien erabili behar direla, baina ziurrenik fosilak ere erabiltzen jarraitu beharko genituzke, ahalik eta gutxien, eta guztiz beharrezkoak diren kasuetarako soilik (hegazkinak...). Ahaztu barik kontsumoa ere gutxitu beharko genukeela, etab, etab. Energiaren geroa, eta energia problemen irtenbidea, fusioa izango dela dirudi (ITER projektua: www.iter.org).

Oier


------------------------------------------------------------------------

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to