Oskar sarietarako nominazioak lortu dituzten filmeen artean, Steven
Spielberg-en Munich da eztabaida politikorik gehien eragin duena. Ezin
gero bestela izan, israeldar eta palestinarren arteko gatazkak puri-purian
jarraitzen du-eta.
Gaia jakinekoa da: 1972an, Municheko Joko Olinpiarretan, Irail
beltza komando palestinarrrak 11 atleta israeldar erahil zituen. Geroztik,
Mossad-en talde bereziak komando haren partaideak banan banan erahiltzeko
ordena jaso zuen. 1972ko sarraskia telebistak eman zuen zuzenean. Ondoren
gertatua Spielberg-ek kontatzen du 164 minutuan.
Kritikariak bat datoz filmearen egitura eta eduki indartsua
baloratzerakoan baina hiru iritzi kontrajarri nabarmenak dira zuzendariaren
jarrera politikoa jorratzeko orduan. Zenbaiten ustez, Spielberg-ek
israeldarren ikuspegia lehenetsi du; beste hainbaten iritziz, ostera,
palestinarren kausa da argien onesten dena; eta, horrez gainera, ez da falta
Spielberg-en ekidistantzia salatu duenik, bien aldarriak parekatzeagatik.
Ez dut nik aste honetan Steven Spielbergekin hitzegiterik izan
baina, filmea ikusi ondoren behintzat, beste hiru aukera ere zilegi
iruditzen zaizkit.
Bat. Spielberg-ek ez du filme hau israeldar eta palestinarrentzat
egin, berauen katramilaren inguruan ezer gutxi dakien gainerako mundu
guztiarentzat baino. Munich ez da 1980 hamarkadako euskal zinema eta,
zalantzarik ere ez gero, 70 milioi dolarretako aurrekontuak ahalik eta
merkaturik zabalena itxaro duela.
Bi. Spielberg-en subjektibotasuna epaitzen dutenek ez dute konturatu
nahi beraiek ere subjektiboak direna. Zuzendaria partzialtzat salatu eta
bere burua neutraltzat joten duen kritikaria harro puxka baino ez da.
Hiru. Munich filmean hutsaren hurrengo da israeldarrek ala
palestinarrek ote duten arrazoia. Batzuon eta besteon arrazoien gainetik
bistakoena zera da: Indarkeriaren zorabioa zoroak ez dakarrela onik, zer
gerta ere ez dela ezelango irabazlerik, denak direla galtzaile alegia.
Israelen, Palestinan eta Kontxintxinan.
Amatiño
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]