Aurten 75 urte beteko dira espainiar Errepublikaren Diputatuen
Kongresuak
emakumeen boto-eskubidea erabaki zuela (1931-10-01). Eztabaida latzen
ondotik, 161 diputatu alde eta 121 kontra.
Hainbat arrazoi ezberdinez baiezkotan azaldu ziren sozialistak,
eskuindarrak, eskuin-errepublikarrak eta Euskadi nahiz Kataluniako
abertzaleak. Ezezkotan, ostera, ezkerreko errepublikarrak, radikalak eta
radikal-sozialistak. Harrigarri iruditu arren, alde botatu zuten guztiak ez
zeuden emakumeen botoaren alde, ezta aurka ere kontra botatu zuten asko.
Batzuok zein besteok uste zuten emakumerik gehienak kontserbadoreak eta
ezjakinak zirela eta euren botoa zeharo eskuindarra izango zela,
Errepublikaren kaltetan.
Iritzi horretakoa zen, esate baterako, Indalecio Prieto sozialista
bilbotartua, eta bere alderdiak besterik esan arren aurkako botoa eskatu
zuen, emakumeei botoa ematea una puñalada trapera contra la República zela
eta. Virginia Kent feminista amorratuak ere kontrako botoa eman zuen,
lehentasuna Errepublikari eustea zelakoan eta emakumeen boto-eskubidea
beranduagorako utzi zitekeela aldarrikatuz. Ildo beretik Pio Baroja
liberala, emakumeek apaizek esaten diena egingo dutelako.
Emakume Abertzale Batza elkarte jeltzalearen eraginez, EAJren
diputatuek ez iritzi batez baina bai aho batez emakumeen alde botatu
zuten. Jesus M. Leizaola beldur zen berdintasun-lege haren ondorioz
emakumeek ez ote zuten soldadutza egiten amaituko, baina baiezkoa eman zuen
foruei (omen) zerien tradizioari jarraituz. Lauaxeta poetak ezin hobeto
laburbildu zuen orduko euskaltzaleen giroa:
Ludira etorri gara
uso-antzo, zeu, urrumarako
leoi-antzo, neu, gudatarako.
Edozein modutan, emakume espainiarrek ez zuten hauteskunde orokorrak
(1933-XI-19) arte botorik ematerik izan eta, gutxitan aipatu arren, euskal
emakumeak hamabost egun aurreratu ziren (1933-XI-05), Euskal Estatutuaren
erreferenduma igande bi lehenago izan zen eta.
Amatiño
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]