Kataluniako Estatutu berria dela-eta, sarri dira aipagai Kataluniako eta
Euskadiko estatutuen arteko aldeak. Inork ez du gogoan, ostera, estatutu
biren arteko diferentziarik handiena orain 300 urteko historian oinarritzen
dela.

        Gauza jakina da Katalunia eta Euskal Herriko (Euskal Autonomia Erkidegoa
zein Nafarroa) ordenamendu juridikoen arteko alderik nabarmenenak eskubide
historikoak eta eskuduntza fiskalak (Kontzertu Ekonomikoa) direla.

        Jakina ere bada, 1979ko Gernikako Estatutuak eskubide historikoak bildu
arren, Estatutu katalanak ez duela beste horrenbeste egiten. Jakinekoa den
moduan, 1978ko Konstituzio Espainiarrak 1839ko euskal foruak aipatzen
dituela, Kataluniakorik batere aipatzen ez duen artean. Gauzak honela,
galdera zera da: Aragoiko Koroa espainiar Estatuaren sortzaile izanda, zer
dela-eta ez zaio Kataluniari eskubide “historikorik” aitortzen? Erantzuna,
1716an.

        XVIII. mendearen hasieran Ondorengotza Gerra izan zen, borboiak (Felipe
frantsesa) eta austriarrak (Karlos artxidukea) elkarren aurka. Euskal
Herriko lau lurraldeak borboien alde aritu ziren eta Aragoi, Katalunia eta
Valentzia, aldiz,  austriarren alde. Gerra borboiek irabazi zuten, Felipe
V.a erregetu eta, bere alde aritutakoak saritu eta kontra jardundakoak
zigortu.  Alegia, lehenengoen foruei eutsi eta besteenak hautsi.

        Hau izan zen, segurutik, azken 500 urteotako historian zehar euskaldunok
irabazitako gerra bakarra. Galdu genuen Amaiur (1522), galdu genituen XIX.
mendeko karlistadak eta baita Francoren (1936) kontrakoa ere. Paradoxa izan
arren, Herri hau  beti izan da trebea armagintzan baina sekula ez du asmatu,
ostera, armetan jarria.

        Orain 300 urteko borboien aldeko hura gure gerra-garaipenik 
bakarrenetakoa
izan zen, baita onuragarriena ere.  Oraindik ere haren errentaz dugu
indarrean dugun autonomi-maila eta, noski, baita 1978ko Konstituzioa zein
1979ko Estatutua negoziatu zutenen memoria historikoari esker ere.

        Zenbait ia 30 urte geroago konturatu arren.

        Amatiño


_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to