Bakeak ekarriko duen egoera politiko berriak Nafarroari buruzko 
eztabaida
suspertu du eta, besteak beste, hauzi honen inguruan dauden bi muturrak
nabarmendu. Batasunaren inguru-mingurua, batetik, Nafarroarik gabeko Euskal
Herrian ez dela bakerik izango mehatxatuz. Eta, UPNren alderdia, bestetik,
Nafarroak ez duela sekula Euskal Erkidegoarekin batere egitasmorik partekatu
zemaituz.

        Bi muturrok zeharo kontrajarriak iruditu arren, uste baino hurrago daude
elkarrengandik. Biek aldarrikatzen dute euren burua nafar guztien
ordezkaritzat, biek dakite aldez aurretik zein den Nafarroarentzako
etorkizunik onena eta biei bost axola zaie nafarrek zer nahi duten.

        Baina, nahiz bi muturrok besterik esan, Nafarroaren geroak ez du 
historiak
erabakiko, ez euskal irrendetismoak, ez nafar esentzialismoak, ezta
“nafarrak erotuko ote diren” beldur den Miguel Sanz jaunak ere. Nafar
etorkizuna erabakiko duen tresna bakarra demokrazia da.

        Zenbaitek esan dezake demokrazia ez dela perfektoa, “Madrilek” mortalak 
eta
bi egingo dituela nafarren borondatea ekiditzeko edota euskal
abertzaletasunak ez duela amore emango bere aldarrikapena lortu arte. Bai,
behar bada bai, behar bada demokrazia ez da perfektoa, joko politikoak
hainbat baldintza ditu eta mundu hau zeharo konplikatua da. Baina, hiru
xemaiko esne-berbei utzi eta, behingoz, onartuko al dugu guztiok ere:
ez-dago-demokrazia-baino-beste-biderik. Eta kitto.

        Gero, ozta-oztako demokrazia eskas horretaz baliatuz, aukera bakoitzak
jakingo du zer esan, zer egin, zer eskaini, nafar-jendea erakartzeko,
liluratzeko, limurtzeko, xarmatzeko edo amainatzeko. Seguru gero, hori
guztia teoriaz hitzegitea baino zailagoa dela, baina nork esan du demokrazia
erraza denik?

        Eta, tituluan aurreratu bezala, Nafarroa adibidea besterik ez da. Euskal
Autonomi Erkidegoan eta Iparraldean ere apostu bakarra demokrazia baino ez
da. Kontua ez da nork handiagoak esan, nork aukerabide aproposagoak eskaini
baizik. Asmatu alegia.

        Amatiño


_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to