USTEKABEK BARTZELONAN JOKO DU

>Castellbisbal-ko Udalari gehien gustatu zaion fanfarrea izan da
>Udako denboraldiari ekin dio fanfarre eibartarrak


Eibarko Ustekabe Fanfarreak Castellbisbal-en (Bartzelona) joko du abuztuaren 
19an. Hainbat urtez Tirri-Tarra fanfarreak egindako aktuazioa da. 
Tirri-Tarra kale animazioaren munduan ospe handiena izan duen fanfarrea 
dugu. Aktuazio hau udako denboraldiaren barruan sartzen da. Azken honek 
aldaketak jasan ditu pasa den urteko egitarauarekin konparatuz.  Uztaila eta 
abuztuan mantentzen den aktuazio bakarra Gasteizko jaietakoa izango da. 
Beste guztiek aldaketak izan dituzte.

Udako denboraldia, “Ustekabe Tour´06”, Urkiko jaietako txupinazoarekin hasi 
zen. Ondoren, San Juan egunean, emanaldia eskeini zuen Umeen Danborradaren 
ordutegian, eguraldia zela eta atzera bota zen eta. Orain uztaila eta 
abuztuko aktuazioen garaia da. Gaur, ostirala 14, arratsaldean, Donostiako 
koadrila bat girotuko dute ordu eta erdiz. Aktuazio honekin motorrak 
berotuko dituzte larunbat gauean Amañako danborradak jotzeko: lehenengo eta 
behin umeena, eta nagusiena gero, afalostean.

Ustekabeko gazteek aste bete izango dute indarrak hartu eta berriro ere 
danbor hotsekin bat egiteko, izan ere hilak 22an Gorlizera joango dira 
Eibarko Danborradarekin batera. Aktuazioa arratsaldeko 8etan hasiko da, eta 
horren ondoren luntx-a izango dute partehartzaileek. (Abestien ordena 
gehitutako artxiboan duzue).

Jaigiroa ez da hor bukatuko, hurrengo asteartean, uztailak 25, Gasteizko 
blusen eguna girotu beharko dute eta, goizetik hurrengo goizalderaino. Egun 
osoan zehar Los Alegrioseko taldekideak saltoka ibiliko dira Ustekaberen 
kalejirekin. Hau Gasteizko Aste Nagusirako beroketa izango da.

Horren aurretik, uztailaren 29an, Ustekabek Errioxan joko du, “Camping de La 
Rioja”-ko Euskal Jaiaren II. Edizioan. Aktuazioa 12.00etatik 14.00etara eta 
16.00etatik 18.00etara izango da. Hala ere, Eibartarrak ez dira musikariak 
bakarrik izango. Izan ere, Ernesto Ezpeleta “Bihurri” aizkolaria bertan 
izango da Ana Berasategirekin batera (Euskadiko Herri Kiroletan txapelduna).

Abuztuaren 4an Ustekabek autobusa hartu beharko du berriro ere, Gasteizera 
itzultzeko. Bertan kontzentrazioa izango dute hurrengo egunetako lanerako 
prestatzeko. Hilaren 5ean egun osoz, eta 6tik 9ra arratsaldez, Los Alegrios 
koadrilaren jai gogoa asetu beharko dute. Koadrila honek azaroan erakutsi 
zuen Eibarren, Ustekaberen V. Urteurrenaren ekitaldietan, inork ezin dituela 
gelditu.

Ustekabek egunero Los Alegrios-ekin “paseillo”ak egingo ditu, eta bertan 
beste 20 fanfarre ingururekin biltzeko aukera izango du. Aipagarria da 
aurten txaranga lehiaketa antolatu duela Los Alegrios koadrilak, bere V. 
Urteurrena dela eta. Horregatik “Ustekabe-Alegrios: 5 años dando la nota” 
leloa eramango dute.

Konpartsa armaginaren historian sartuko den aktuazio bat abuztuaren 19an 
izango da. Ezpainak oraindik “ikututa”, musikariek Castellbisbal-era bidaia 
egingo dute Bartzelonako herri honetako jaiak alaitzeko.

Lehen Tirri-Tarra fanfarreak egiten zuen aktuazio hau. Fanfarreen historian 
ezagutzen den ospetsuenetakoa da Tirri-Tarra. 1996an “Tirri-Tarra Show” 
ekitaldiak kaleetatik eszenatokira eraman zituen eta gaur egun “Rock 
Sinfonikoa” egiten dute.

Castellbisbal-ko Udalak begiratu dituen fanfarreen artean Ustekabe aukeratu 
du. Ustekabeko kideek aditzera eman dutenez “5 urteotan egin dugun lanaren 
errekonozimendu bat da aktuazio hau. Zailtasun askori aurre egin behar izan 
diegu fanfarrea sortu eta egonkortzeko, fanfarreen mundua beherakadan dagoen 
momentuan, gainera, eta orain asko dira guri begira dabiltzanak”. Hala ere, 
aldarrikatu dutenez “Castellbisbal-eko herritarrentzat ere pribilegio bat da 
Ustekaberen aktuazio bat izatea. Gure egutegia mugatu egiten dugu kideon 
beste konpromezu eta interesen arabera. Dataz ondo banatutako egutegia 
osatzen dugu, agobiorik egon ez dadin, eta kide guztiek hautatutako 
emanaldiekin.” Ustekabekoen hitzetan, “ez da kanpotik deitu gaituzten lehen 
aldia. Eskaintza asko izan ditugun arren, arrazoi desberdinak direla medio, 
ez dira aurrera eraman. Eskaintzak jasotzen jarraituko dugulakoan gaude: 
bide onetik goazen seinale izango da”.

Ustekabek egitarau eguneratua eskeintzen du www.ustekabe.com egutegian, 
beste informazio interesgarri batzuekin batera.

SAXOFONISTA BERRIA
Udako denboraldiak Ane Azpiriren estreinurako ere balio izan du. 17 urteko 
eibartarrak saxofoi altua joko du. Anerekin, 6 dira dagoeneko Ustekaben 
dabiltzan neskak, “neskakotasun tasa” %27ra igoz. “Jende berria sartzeko 
irekirik gaude. Gaur egun normala da fanfarreetan emakumeak ikustea, baina 
txaranga batzuetan oraindik pentsaezina da. Pixkanaka jende berria sartzen 
doa. “Beharrezkoa da taldearen bizirautea bermatzeko” kideen esanetan. Ane 
Azpiri aurtengo denboraldian estreinatu den bigarren musikaria izan da. Bere 
aurrekoa Maitane Castillo izan zen, urrian Barakaldon estreinatu zena, 
klarinetearekin. Ustekabek, 2000. urtean sortu zenetik, urtero izan ditu 
musikari berriak.


http://www.ustekabe.com/Blog/allNews_html

()()()()()()()()()()()()()()()()()()()()()()()()()()()()()()()()()()()()()()
   [EMAIL PROTECTED]
      www.blogak.com/josu


_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to