Nazioarteko sei lagun ezagunek bakegintzaren aldeko elkartasuna adierazi
zuten atzo. Asmo beretsuarekin joan zen Blair Madrilera eta beste horrenbeste
erababakiko omen du urriaren 25ean Europar Parlamentuak. Denok adierazi nahi
digute bakegintzak ahalegin guztiak eskatzen dituela... bakegintzak arrisku
guztiak merezi dituela.
Esan behar da, ostera,
nazioarteko elkartasun horien
helburua ez dela bake-negoziatzaileen erabakietan eraginik izatea,
Zapateroren jarrera indartzea baino. Edo, hobeto esan, Alderdi Popularrarena
ahultzea. Zentzu honetan, zorioneko PPren bakardade latza salatu nahi dutenen
nazioarteko elkartasunak.
Hala ere, elkartasun
guztiak onartzeko, eta eskertzeko, gertu gauden arren... mesedez, ez gero guri arriskatu behar
dugunik esan, arriskatze hutsa konponbide guztien giltza eta maratila balitz
bezala; guk geuk horrelakorik ez bageneki bezala; sekula horrelakorik egin izan
ez bagenu bezala.
Joxemari Kortak, Gipuzkoako
Enpresarien Elkartearen lehendakariak, orain zazpi urte esan zuen, bakeak
arriskatu beharra eskatzen zigula guztioi, bake-arriskuaren onurak bakerik ezaren porrotaren kalteak
baino askoz ere mesedegarriagoak zirelakoan.
Baina, hala ere, ez zioten
jaramonik ere egin nahi izan. Batetik, PPk eta sozialistek aho batez esan zuten,
Joxemari Kortak hainbeste baloratzen zuen bake-ahalegin hura tranpa baino ez
zela. Eta, bestetik, ETAk Joxemari Korta hil zuen.
Nahiz-eta berandutxo, betor, bai, bakearen aldeko
ahalegina, Korta bere bizitzan zehar ahalegindu zen bezala. Eta betor, bai,
bakearen aldeko arriskua, Kortak
heriotzaraino arriskatu zuen bezala. Eta ea, behingoz, lortzen dugun, guztion
artean, Kortak ikusi ezin izan zuen bakea.
Amatiño
Goiz
kronika
2006-10-10
_______________________________________________ Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]
