Gaur, azaroak 14, urte bi
joan dira Batasunak Anoetako agiria jakinerazi zuenetik. Badakizue, indarkeria
utzi, bide demokratikoei ekin eta gatazka kaleetatik ateratzeko ordua zela,
negoziazio politikoa alderdien artekoa baino ezin dela izan eta, beti ere,
ezinbestekoa dela hitzartu beharrekoak nazio-sentsibilitate ezberdindunen artean
sinatzea.
Urte bi geroago, indarrean
jarraitzen omen du Anoetako agiri harek eta, bakegintza eta normalizazio
politikoa eztabaidatzeko orduan behintzat, Anoetako agiriari buruzko jarrerek
bereizten dituzte gaur egun dauden posizio nagusi biak. Batetik, Anoetako agiria
ontzat ematen dutenak eta, bestetik, Anoetako agiria betetzeko gertu ez
daudenak.
Anoetako agiriaren alde
daude alderdi politiko guzti-guztiak, PP izan ezik. Eta Anoetako agiriaren
kontra, berriz, PP eta... ETA.
Horretara, Houston: arazoa
dugu. Bai, arazo larria dugu. Kontua ez baita negoziaziotan ari diren alderdiek
ez dutela Anoetako agiririk onartzen. Kontua da, ETA dela Batasunaren
proposamena bete nahi ez duena.
Segurutik honez gero
presoek hurreago egon beharko lukete eta Batasunak legeztatze bidean. Segurutik
kale-borrokak, Iñaki De Juanaren gose-grebak, Lehendakaria bera auzitan sartzeak
eta zenbait juezen jokamolde faxistek ez dute batere laguntzen. Baina laino
beltz guztien azpitik eta sasi ziztrin guztien gainetik, funtsezko arazoa zera
da: ETAren politika egin nahia, politikagintza armen indarraz baldintzatu nahia
eta, bai...bai... esan arren, egunak joan eta egunak etorri,
Anoetako agiria kunplitu nahi eza.
Ulertu nahi duenak ulertu
dezala.
Amatiño
Goiz kronika
2006-11-14
_______________________________________________ Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]
