Jakin aldizkariak berrogeita hamar urte bete ditu aurten. Hamaika nituen
nik, y grekoz idatzitako Yakinen lehen alea nere etxera sartu zenean. Ez
dut sekula asmatu zelan demontre heldu ote zen gurera Arantzazuko
frantziskotarren filosofia eta teologia aldizkari hura baina, hori bai,
euskaraz zen eta, garai hartan, nere aita zenak euskarazko liburu, disko eta
aldizkari guztiak erosi izaten zituen.
Ez gero uste larregiko gastua zenik. Urtean zehar dozena bi liburu, pare
bat aldizkari eta hiruzpalau gabon-kanta, Eguberritan. Ez gehiago.
Berrogeita hamar urte geroago, Durangoko Azokak Jakin aldizkaria sarituko du
gau ilunean argia izan zelako. Bai, gau iluna benetan. Pentsa dezagun, une
batez, euskal erakunde, eskola, prentsa, irrati eta telebistarik gabeko
gizarteaz. Imajinatu dezagun euskal politiko, idazle, kazetari, kantari eta
bertsolari bako plaza.
Segurutik lortutako guztia ez da nahi eta behar bestekoa, baina, Joan
Mari
Torrealdaik esan bezala, boteila erdi betea ospatzeko garaia da; Jakinen
kriseilu-lana zoriontzekoa; baita klandestinitate-urte haietan euskal
produkzioaren sostengu izan ziren harpidedunen militantzia eskertzekoa ere.
Hain zuzen, aldizkari-sorta zaharra arakatzen, orain berrogeita bost
urteko ale-barruan, harpidetza egiteko tarjeta postala aurkitu dut. Bere
burua saltzeko, Jakinek zera esaten zuen lelo gisa: Jakin, aldizkaria ta
gehiago da. Joño, ez al genuen ba uste esamolde hori Bartzelona futbol
taldeak edo asmatutakoa zela? Ez ba¡ Horra non, marketing-kontutan ere,
Jakin aurrelari izan zen eta dezente urte lehenago gainera.
Amatiño
Goiz kronika
Euskadi Irratia
2006.11.28
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]