Durangoko azokan aurkeztutako liburuen artean bat aukeratzekotan, Xabier 
Leteren azkena aukeratu nahi dut eta, bide batez, zuri, Goiz Kronikaren 
entzule, liburuak dakarren hitzaurrea irakurri dezazun gomendatu, bertan 
aurkituko duzu-ta Xabier Leterik benetakoena eta hunkigarriena.

 

Eta hiri berriz, Xabier, ez zekiat zer arraio esan.  Egia esan, ez zekiat 
eskerrak eman haizena haizelako ala, errieta egin, hire burua horren estu 
hartzen dualako. Barka nazak Xabier, baina nik ez diat inondik ere uste, hi heu 
-hire buruari diotsan moduan--  "saiatu arren asmatu ez duen gizona" haizenik. 
Ez, Xabier, hi ez haiz  asmatu ez duan gizona. Hik asmatu egin duk. Kostata 
behar bada, baina asmatu; hainbat ahaleginen ondotik ziurrenik baina, azkenean, 
asmatu.

 

Bai, Xabier, hik asmatu egin huen orain berrogei urte "Ez dok amairu" taldea 
sortzen aritu hintzenean. Asmatu gero, bertsolarien esamolde zuzenaz baliatzea 
erabaki huenean. Asmatu, bai, sinbologia amesgarri eta argudio arrazionalen 
artean esperientzia haragituaren aukera egiteko orduan. Asmatu, noski, 
filosofia guztien gainetik egiazko gertakariei aurre egitea erabakitzerakoan. 
Asmatu, eta bete-betean asmatu gainera, bizitza zorabiatuaren azken bihurgunean 
solidaritatea, konplizitatea eta errukia ere aurkitzeko gauza izan haizenean. 

 

Bai, Xabier, jaioko dituk bai berriak eta Urepeleko artzainarenak kantatzen 
jarraituko ditek, belaunaldiz belaunaldi, hire ezpaletik eta hire bihotzetik.

 

Ez Xabier, hik ez duk zorrik, hik ez duk inoren erredentziorik behar. Gu 
gatzaizkik zordun, gu gaudek ordaindu beharretan. Maite haugu Xabier. Entzun 
beharra al huen? Hona ba, hitzez hitz, esana.

 

Amatiño

Goiz kronika

Euskadi Irratia

2006.12.12

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to