Euskaldunok ez dugu inoiz zalantzan jarri euskararen normalkuntzak
administrazio, eskola eta komunikabideen aldetik etorri behar zuenik. Uste
hau Xabier Muniberen eta Agustin Kardaberazen idatzietan agertzen da XVIII.
mendean eta Franco osteko demokraziarekin batera esparru horiek indartzeari
ekin zitzaion.  Hala ere, belaunaldi  bakoitzak bere ikur bereziak izan ditu
normalizazioaren urratsetan.

        Ezer gabe hazi behar izan genuontzat, Arantzazuko Amaren Egutegia eta 
“Urte
guziko meza bezperak” (1950) izan ziren euskara publikoarekiko lehen lotura.
Badakit gaurko gazteriak  nekez ulertuko duela, baina egutegiaren
egunerokotasuna eta Orixeren euskara jantzia magikoak iruditzen
zitzaizkigun. Euskara osotuaren garaia zen.

        Orain 30 urte, berriz, fisika euskaraz erakutsi ahal izana izan zen 
garaiko
belaunaldiaren ikurra,  Suarez espainiar presidenteak esan  baitzuen
euskarak ez zuela hainbesterako balio. Eztabaidan zegoena ez zen fisikaren
irakaskuntza, euskararen mailaren mugarik eza baizik. Euskara batuaren
sasoia zen.

        Zein ote da gaur egun euskararen normalkuntzaren ikurra? Ba, segurutik,
entretenimendua eta, teknologia berrien laguntzaz, arlo horrek bideratu duen
euskara berria, ETBren Mihiluze saioan eta blogen munduan nabarmentzen den
euskara hain zuzen ere.

        Kike Amonarriz eta Ilaski Serrano bikoteak eskaintzen digun lehiaketaren
errezetak lortu du euskararen inguruan betidanik bildu nahi izan diren
osagaiak: gaztea, herrikoia, audientzia eta diru-saririk haundiena. Eta,
euskal normalizazioari dagokionez, denok elkarrekin arazorik gabe konpondu
arren, ezin esan gero euskara batuaren erreinua denik.

        Beste horrenbeste gertatzen ari da Internetek erakarri digun plaza 
berrian,
blogak eta  eztabaidaguneak lekuko. Sekula historian ez dira horrenbeste
euskalki eta euskara-mota elkarren artean aldi berean hizketan jarri.
Bakoitzaren euskalkiaren eta guztion euskara batuaren gainetik “paneuskara”
ari da nagusitzen.

        Amatiño

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to