Urte Berriarekin batera zutabe honek galdu du euskal kazetaritzaren
dekanoaren partaidetza. Urte zaharrarekin batera Mikel Atxagak “agur eta
adio” esan eta, 30 urte luzez hutsik egin gabe aritu ostean, ez duela
gehiago zirrikitu honetan idatziko agindu digu. Zahartu samarra sentitzen
dela, beti gauza beretsuak errepikatzen ari ote den susmoa duela eta ordua
dela gazte jendeari lekua uzteko.

        Mikel Atxaga (Urnieta, 1932) 1965etik aurrera euskal kazetaritzan 
koskortu
ginen gazteon maisurik maisuena izan zen. Orduan ez bezala, segurutik milaka
gazte izango dira  gaur egun Atxagaren hutsunea betetzeko lain, baina nekez
gero bat bera ere haren idaz-jario jatorraren eta gauzarik zailena modurik
errazenean kontatzeko ahalmenaren jabe.

        Atxaga sekula gehiago itzuliko ez diren garaien lekuko aparta dugu. 
Berak
esan ohi duenez “errepublikanoa jaiotzez”, Errepublikan jaioan alegia,
baserritarren sindikatuaren biltegian aritutako apaiz langilea izan zen
1960eko hamarkadan, “Francok Elizari eman ohi zion soldata jaso nahi” ez
zuelako. Apaiz izateari utzi ondoren, berriz, Zeruko Argia astekariaren
zuzendari, argitaratu aurretik ale osoa zentsuratik pasatu behar izaten zen
garaietan.

        Zenbaitek besterik uste arren, Mikel Atxaga ez da inoiz euskaldun sutsua
izan, euskaldun hutsa baizik. Bada gero alderik. Ez du sekula erdaraz idatzi
beharrik sentitu eta, are gutxiago, tentaldi hori gainditu beharrik izan.
Demokraziaren atarian ere, Felipe Gonzalezek Donostian emandako lehen
prentsaurrekoan (1976), Mikelek euskaraz galdetu zuen. Eta, egia esan,
erantzunak ez zuen galdera gaztelaniaz egin izan balio baino oihartzun
gutxiago izan.

        Mikel Atxaga orain 40 urte arnasberritu zen euskal kazetaritzaren 
bidegile
isila dugu. Larre motzeko bidegilea. Ziurren ziurrenean jaioko dira bai
berriak, baina Xabier Letek esan bezala, “izan zirelako gara”, eta Mikel
bera dugu gu guztion aita pontekoa.

        Amatiño



_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to