Europako Batasunak ingurugiroaz hartutako erabakiek zera frogatzen dute,
Europaren ustez gainditu beharreko arriskurik handiena CO2ren isurketa dela
eta, ondorioz, edozerk balio duela karbono dioxido isuri horiek murrizteko,
energia berriztagarria nahiz nuklearra izan.
Europako Batasuna seguru dago azken 150 urteotako iraultza industrialak
negutegi efektua erakarri duela eta ez du nahi gure planetaren batez besteko
tenperatura bi gradu baino gehiago igo dadin. Zentzu honetan, helburua bat
besterik ez da: 2020 urterako CO2ren isuriak %20 murriztu (1990ekiko).
Helburu hau lortzeko, bi dira, besteak beste, adostutako erabakiak.
Batetik, 2020 urterako energia-kontsumoaren %20 iturri berriztagarrien lepo
lortu beharra eta, bestetik, nuklearra ere --energia berriztagarrien
pareko-- CO2 isuriak gutxitzeko baliagarritzat jo izana.
Boteila erdi betea ala erdi hutsa ote? Ekologista sutsuen ustez, azken
erabaki hau Kyotoko protokoloaren ostean hartutako konpromisorik
garrantzitsuena ei da. Atomikoen iritziz, berriz, azkenean onetsi omen da
energia nuklearraren onura, onartzen zaio Frantziari orain arteko estrategia
nuklearra eta, gutxi bailitzan, energia nuklearrari buruzko eztabaida
suspertzea hitzartu da.
Naizen ezjakin honek ez dio Europako Batasun osoak aho batez hartutako
erabakiari hautsik harrotuko, baina Kyotoko protokoloa bete ezinaren
atzekaldean lobby nuklearrak ote zeuden susmatzen zutenek zalantza gutxiago
izango dute, orain, post-Kyoto europar honen erabakien ondotik. CO2 isurien
aitzakiaz indar nuklearraren ziria sartuko digute azkenean baina, hori bai,
klima-aldaketatik (?) salbatu nahi gaituztenen bedeinkazio eta guzti.
Anton Uriarte klimatologo donostiarra datorkit burura. Bai, badakit,
Uriarte doktorea ez dela Al Gore saltzailea, ez dagoela modan eta doktrina
ofizialaren aurrean heretiko samarra dela. Baina, berak esan bezala nahiago
dut seme-alabei mundu beroagoa utzi, uranio-biltegiak baino.
Amatiño
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]