Erromako Itunak atzo bete zituen 50 urte. Bigarren Mundu Gerra amaitu
berria zen, Alemania erabat suntsitua, Sobietar Batasunak “gerra hotzean”
ziharduen, Espainia eta Portugal diktadurak ziren eta Europaren etorkizunak
ez zuen txakur txikirik balio.

        Zazpi urte lehenago (1950) Schumanek proposatu zuen gatazka eta liskar
gehiago erakarri zitzaketen lehen gaiak (ikatza eta altzairua)
gerra-irabazle eta galtzaileen artean kudeatzea. Zenbaitek besterik uste
arren, proposamen hura ez zen erabaki ekonomikoa izan zeharo politikoa
baino, etsaien arteko bakea segurtatzea zuen-eta helburu.

        Geroztik, 6 estaturen eraginez sortu zen egitasmoak 27 biltzen ditu, 486
milioi biztanleren esparru politikoa eta moneta bereko merkatu elkartua
osatzen. Ondorioz, Europa da historian zehar sekula gertatu den estatuen
arteko prozesu bateratu eta baketsurik garrantzitsuena. Europa ez da inoiz
orain bezain aberatsa, segurua eta demokratikoa izan.

        Egia da zenbaitek (Britainia Handiak) ez diola inoiz Europari bokazio
politikorik onartu nahi izan eta, egia ere bada, gerren eta diktaduren
beldur ez diren belaunaldi berriek ez diotela garrantzirik ematen baina,
Europa barruan daudenen artean kritikarik falta ez den artean,  jakina da
inork ez duela bertatik atera nahi eta oraindik kanpoan daudenak ate joka
ari direla noiz sartuko zain.

        Europaren Batasunak ez du bueltarik. Seguru ez dela oraindik egitasmo
perfektoa, eta batek daki zer izango ote den 50 urte barru, baina garbi
dagoena zera da: Europak iraungo du europar batasunak irauten duen neurrian
eta ez dut uste batere eurozentrismo alua denik esatea, Europak biltzen
dituela bere baitan, munduan beste edozeinek baino hobeto, ongizatearen,
lehiakortasunaren eta elkartasunaren baloreak.

        Erronka honi aurrerantzean eutsi izateko, Europak ardatz bi behar izango
ditu: proiektua burubelarri defendituko duten liderrak eta aukeraz jabetuko
diren herritarrak. Litekeena da biak ere falta izatea.

        Amatiño

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: eibartarrak@postaria.com

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to