Joxe Joan Gonzalez de Txabarri eta Mikel Zalbide, irakasle soil ezagutu 
nituen nik orain hogeita hamar urte inguru. Eta, aurreko larunbatean, bata 
Gipuzkoako Diputatu Nagusi eta bestea euskaltzain, biak ere Agustin Iturriaga 
XIX. mendeko pedagogoaz mintzo. 

 

Mikel Zalbidek esan bezala, Iturriaga orain berrehun urte jabetu zen euskararen 
etorkizun latzaz, eta egoera hura gainditzeko hizkuntza-politikaren premia 
salatu eta euskara eskoletan sartu beharra proposatu zuen, mende erdi lehenago 
Xabier Munibe Peñafloridako Kondeak aldarrikatu bezala.

 

Hain zuzen ere, Txabarri Diputatuak eta Zalbide euskaltzainak inor gutxik 
gogoan izan ohi duena agertarazi zuten. Alegia, Gipuzkoako Diputazioak orain 
berrehun urte ordaindu zuela nolabaiteko lehen  hizkuntza-politika eta erabaki 
hura ez zela, gainera, salbuespen izan, Diputazioaren aurrekontuen bizkar 
argitaratu baitziren Larramendiren hiztegia, Iztuetaren gramatika eta 
Lardizabalen argitalpenak. Hau da, Hegoaldeko erakundeek XVIII. eta XIX. 
mendeetan jorratu zituztela oraindik -berrehun urte geroago-- Iparraldean 
aipatu ere egiten ez diren urratsak.

 

Eta, Hegoaldea aipatzerakoan, ez naiz Arabaz, Bizkaiaz edo Gipuzkoaz soilik 
ari. Zenbaitek jakin nahi ez duen arren,  frankismoaren garaiko nafar diputazio 
karlistak ere gaurregungo UPNk baino dezente lan gehiago egin zuen, "Principe 
de Viana" zein  "Fontes Linguae Vasconum" aldizkariak eta Joxe Mari 
Satrustegiren lan eskerga lekuko.

 

Ez... Ez. Hegoaldeko herri-erakundeak ez dira beti abertzaleak izan, baina 
herri-erakundeak izan dira, liberalak, karlistak, monarkikoak nahiz 
errepublikarrak izan. Eta, noizbait euskal historiak gogoan hartu beharko ditu, 
historia eurekin hasten dela uste duten sasiabertzale berrien harridura, 
mehatxu eta espanturik gabe.

 

Amatiño

Goiz Kronika

Euskadi Irratia

2007.06.05

 

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to