Trenbidea

 

Orain 30 urte, frankismoaren ostean sortutako demokraziarekin batera, urtetan 
gordeta egondako aldarrikapenak ernaldu ziren. Haietako bat euskal 
komunikabide-azpiegitura izan zen.

 

Ez dihardut gero etorriko ziren EiTB edo Euskaltel bezalako egitasmoez, 
aurretiko azpiegitura fisikoez baino. Hau da, euskal poliziak, telebistak edo 
telefonikak behar izango zituzten komunikazio-sareez. Monopolioetatik gentozen, 
komunikazio-sistemak Estatuarenak ziren eta, adibidez,  zailena ez zen 
telebista-programak egitea,  etxez etxe zabaltzea baino. Aldi hartan uste 
genuen burujabetza azpiegituretan zegoela. 

 

Baina 10 urte geroago historiak besterik frogatu zigun. Franco hil aurretik 
Estatu Batuetan normala zen liberalizazioa Europara heldu zen lehenik eta 
espainiar estatura gero.  Horrela, 1982an EiTBk bere sarea eraiki behar izan 
arren, 1990eko hamarkadan sortutako telebista pribatuek ez zuten euren sarerik 
behar izan gure etxeetaraino heltzeko.

 

Antzerakoa gertatzen ari da, orain, Eusko Trenak Bilbo-Durango trenbidearen 
125. urteurrena ospatu duen honetan.  Eusko Trenen trenbidea eta trena enpresa 
berberarenak dira sortzez, baina hori ez da modelu homologagarria.  Abiada 
Handiko Trena dela eta, esaterako, eraikitzen ari dena ez da euskal trena, 
nazioarteko trenbidea baino, Europako sare barruan sartuko gaituena.

 

Trenbide horretatik pasatuko dira abiada handiko trenak eta ez hain handikoak; 
bidaiarienak eta merkantzietakoak; EuskoTren, Renfe, SNCF eta gainerakoak; 
Paristik Lisboarako trenak eta Bilbotik Iruñerakoak. Trenbidea nazioartekoa 
izango da eta trenak, berriz, eskabideak eskatzen dituenak. Aireportuak eta 
hegazkinak bezalaxe.

 

Amatiño

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to