Eskuin olatuak Frantzian izan duen indarra ikusi ostean, hainbatek esango du 
ideologiarenak egin duela eta besteren batek, berriz, ezkerraren eta eskuinaren 
arteko aldea modaz kanpo dagoela. Baina, segurutik, bada beste hirugarren 
aukeraren bat ere, hau da: ezkerrak eta eskuinak elkarrengandik gero eta 
gehiago hurreratzeaz gainera, elkarren premina dutela. 

 

Ez da beti horrela izan. Orain berrogei urte, 1968ko Parisko maiatzaren 
garaietan edo, ezkerra eta eskuinaren arteko amildegia mortala zen gero.  
Eskuinak zein ezkerrak biek maite omen zituzten, jakina, ordena eta justizia, 
baina bietarik bat aukeratzekotan, eskuinak ordena zuen gurago eta ezkerrak, 
aldiz, justizia. Giro hartan denok edo ia gehienok ginen ezker samarrekoak, 
ordena lartxo baitzegoen eta justizia, aldiz, dezente urri.

 

Orain, berriz --eta Frantziako hauteskundeei begiratu besterik ez dago--, 
ezkerra eta eskuinaren arteko diferentzia itxaropena eta errealitatearen 
artekoa da.  Eskuina errealitatearen ispilu da eta ezkerra, aldiz, 
itxaropenaren ikur. Zentzu honetan bistakoa da Frantzian errealitateak irabazi 
duela.

 

Baina, zer gerta ere, onartu beharko, ordea, biak behar ditugula. Errealitateaz 
jabetzea ondo dago, baina eskuinaren errealitea etsipen latza baino ez da 
itxaropenik gabe. Aldi berean,  itxaropena behar-beharrezkoa izan arren, 
ezkerraren itxaropena engainu hutsa besterik ez da errealitatea gogoan hartzen 
ez badu. Beste modu batez esanda, eskuina eta ezkerra ez direla elkarren etsai, 
elkarren osagai baino. Aurrera egingo badugu biak behar baititugu, alegia: 
errealitatea eta itxaropena.

 

Amatiño

Goiz kronika

Euskadi Irratia

2007-06-12

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to