Eibartarrontzat edo izan ezik, ez da denboraldi hau euskal futbolaren onena 
izan. Garai hoberik izan denik ezin ukatu. Gogoratu, esaterako, Espainiak 
Anberesko Joko Olinpikoetan (1920) jokatzeko estreinako osatu zuen hamaikakoan 
sei euskaldun zirela, Athletic-eko Jose Maria Belaustegigoitia tarteko.

Belaustegigoitiatarrak XVIII. mendetik aurrera agertzen dira paperetan, ez 
baitzen alferrik izan Jose Mari Belaustegigoitiaren birraitona Okondoko 
Ullibarri euskal idazlearen ikasle. Anaiarik zaharrena berriz, Federiko, Sabino 
Aranaren ikaskide, euskaltzale sutsu, euskaltzain urgazle eta Euskal Loteriaren 
sortzaile.

Jose Marik (zortzi anaietarik bost futbolari) Federikoren ildo abertzaletik jo 
zuen. Euskaldunberri eta EAJren kirol-arduradun, arazo bat baino gehiago izan 
zuen “fuera España”ka aritzeagatik. Hala ere, paradoxa gero, historiak berari 
leporatzen dio “furia española” leloaren sorrera, Anberesko Olinpiadetan 
erakutsitako grinagatik. Egia esan, Belgikako prentsak ez zuen “furia española” 
aipatu, “furia roja” baino, elastikoa gorria zenez, baina espainiar epikak 
bestela itzuli zuen.

Eztabaidagarria ere mitoak gure Jose Mariri leporatzen dion esaldi ospetsua. 
Espainia eta Holanda zilar domina jokatzen ari zirela, Belaustek esan omen zion 
Sabino Bilbao taldekideari gola sartu aurretik: “A mí Sabino, que los arrollo”. 
Bilbao berak aitortu omen zuen, ordea, Belaustek ez ziola “Sabino, aurrera” 
baino esan, baina epopeiak besterik eskatzen zuen. 

Jose Mari Belauste lerdena (1,93 m.) eta dotorea zen eta, kalean sonbreroa 
jantzi arren, zelaian modan ipini zuen lau korapilodun buruko zapi zuria. 
Palankari ere izan zen eta Arteta zein beste hainbat euskal artistaren modelu.

Amatiño

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to