Atzo, Iparraldeko jeltzaleek “Alderdiaren pesta” ospatu zuten Hazparnen eta, 
Pierre Broussain (1869-1920) omendu, bertako alkate, Iparraldeko kontseilari 
eta 1919an sortutako Euskaltzaindiaren lehen hamabi euskaltzainetako bat izan 
zenez gero. Broussainek mediku-ikasketak burutu zituen Parisen eta Québec-eko 
abertzaleekin izandako harremanen ondotik euskaltzaletu zen (Pierre Broussain 
sa contribution aux études basques. P. Charritton, 1985). 

 

Euskaltzaindia sortu aurretik eztabaida zorrotzak izan ziren Hegoaldeko 
(abertzaleak vs karlistak)  eta Iparraldeko (xuriak vs gorriak) adituen artean, 
euskal ortografiaren batasunaz. Besteak beste, giro haren lekuko dira Azkuek 
eta Broussainek 1901eko maiatzetik 1902ko azarora bitartean elkarri idatzi 
zizkioten hogeita hamar gutunak (Euskera, 1957). Azkuek espainieraz, bizkaieraz 
eta gipuzkeraz eta Broussainek frantsesez, lapurteraz eta bizkaieraz. Gaur 
egungo irakurleak nekez sumatu dezake unean uneko hizkuntzaren aukera-arrazoirik

 

Gutunetan agertzen denez, Azkue eta Broussain jakitunek euskal ortografia 
adituen artean eztabaidatu eta erabaki nahi zuten bitartean, Sabino Arana 
euskaldunberriaren ustez, ostera, parte hartu nahi zuten euskaltzale guztiek 
izan behar omen zuten boto bana.

 

Bi mugaldeetako euskal adituak Hondarribian bildu ziren eta ez zuten batasunik 
lortu. Erabakirik ezaren errua Aita Villasantek (Historia de la Literatura 
Vasca, 1961) Aranari leporatu arren,  Mikel Zaratek (Sabino Arana: Euzko 
Pizkundearen zutabe nagusi, 2001) frogatu du Aranak ez zuela Hondarribira 
joaterik ere izan, garai hartan Larrinagako espetxean zegoen-eta. Horregatik 
ziotsan Hiriart-Urrutyk Broussaini: “Kartzelan egin beharko genuke biltzarra”.

 

Ez, Aita Villasantek besterik esan arren, Hondarribiko porrota ezin zaio Sabino 
Aranari leporatu. Ez, Azkuek eta Broussainek eskatu bezala ortografia ezin da 
herri-demokraziaz erabaki. Eta bai, Paulo Iztuetak, Joxe Azurmendik eta Mikel 
Zalbidek adierazi bezala, Arana euskaldunberriaren zenbait irizpide batere 
zuzenak ez izan arren, Arana eragilea jabetu zen hizkuntzaren balore politikoaz 
eta bera dugu “XX. gizaldiko euskararen zuzperraldian eta berpizkundean ardatz 
eta zutabe”.

 

Amatiño

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to