Liburu zaharren artean arakatzen aurkitu dut “Irala. Documentos relativos al 
gobernador Domingo Martínez de Irala” (Madrid, 1932), non Valle Lersundik  eta 
Lafuente Machain ikerleek aztertzen duten XVI. mendean Rio de la Platako 
(Argentina) gobernadorea izan zen bergararraren berri.  

            Beti pentsatu izan dut “Txomin” eta horrelako izenak XIX. mendeko  
beserritarren artekoak baino ez zirela baina horra non Martínez de Irala bera 
ere “Chomin” izan zen gaztetan eta bere bost anai-arrebak, berriz, Perico, 
Chariaco, Chari, Chomen eta Charingo.

            Haritik tiratu eta Valle Lersundik frogatu du XVI. mendean “tx” 
(ch) hizkia txikigarritzat erabiltzen zela umeen artean, eta bost mende geroago 
gurean irauten duten Txanton (Antontxu),  Matxin (Martintxo) eta Txatalin 
(Katalintxo) orduko lekuko direla oraindik.  Orduan, “tx” (ch)  hizkia, 
amaieran ezezik, hitzen hasieran eta erdian ere erabiltzen zen.

           Hasierakoen adibide dira Txandres (Andrestxo), Txango (Juantxo), 
Txaria (Maritxo), Txarin (Marinatxo), Txana (Anatxo), Txaxi (Graziatxo), 
Txadalen (Madalentxo), Txartin (Martintxo), Txekolas (Nikolastxo) Txelena 
(Elenatxo), Txosan (Osanatxo), Txomin (Domingotxo), Txomen (Domenjatxo) etab. 
Erdikoen lekuko Antxon (Antontxu), Matxin (Martintxo), Matxalen (Madalentxo) 
eta Mitxel (Mikeltxo); eta amaierakoena, berriz, Enekotx, Mariatxo eta Perutxo. 
Baita inoiz, birritan, hasieran zein amaieran: Txariako (Maritxutxo) eta 
Txaringo (Marinatxutxo).

            Segurutik guzti honek ezer gutxi balio du Iker, Malen, Urko eta 
Nahia modan dauden garai honetan, baina garbi gera bedi behintzat, Joxemari, 
Joxantonio, Maiñaxi eta Mariapitta baino euskal  izen zaharragorik ere izan 
dela gure artean.

 

Amatiño

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to