Andoni Luis Aduriz sukaldariaren eskutik --eta Sánchez Ostiz
idazlearen hitzaurre eta guzti-- kalean da “Diccionario botánico para
cocineros” hiztegia non Mugaritz jatetxeko nagusi gazteak, sukaldean erabili
izaten dituen belarrez gainera, hainbat errezeta eta usain-belarren zerrenda
eskaintzen dituen. Belar-kontua zeharo aldatu da Jose Maria Lakoizketa apaiz
baztandarrak (Narbarte, 1831-1889) “Catálogo de las plantas que espontáneamente
crecen en el valle de Vertizarana” (1885) eta “Diccionario de los nombres
euskaros de las plantas” (1889) argitaratu zituenetik.
Belarrak… Gurean behintzat ez da sekula belarrik falta izan. Gure
aittitta zenak, Amatiñoko baserri-minez edo, denetariko belarrak ereiten zituen
Eibarko tailerraren teilatu gainean. Baita ukenduak egin eta zauri zolduak
osatu nahirik pasmo-belar bila ate joka etortzen ziren auzokoei doan eman ere.
Zazpi urte besterik ez nituen nik gure amak Iñaki Barriolaren “La
medicina popular en el País Vasco” (Donostia, 1952) erosi zuenean (0,18 €), eta
nere seme-alabek umetatik ezagutu dituzte etxeko liburu-arasetan Retanaren
“Plantas venenosas útiles” eta “Hierbas medicinales” (Bilbao, 1979), besteak
beste.
Urteak joan eta urteak etorri, belarrak ez dira segurutik batere
aldatu baina bai, dezente asko gero, belarzaleak. Barriolaren belar-kulturak
sorginekin zer ikusirik zuen, Retanarenak ilustrazioarekin eta Adurizenak,
berriz, gastronomiarekin. Barriolarena etnografia zen, Retanarena zientzia eta
Adurizena, ostera, artea.
Belarrek ere garaian garaiko modei, baloreei eta kontsumoei
egokitzen asmatu izan dute. Esan beharrik ere ez, jakina, izaki biziak direna
eta, horretara, esperientziaren jabe.
Amatiño
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]