Ama Lur Maitea:
Ez zaitugu mindu nahi, baina Euskadik zuri kalterik egin gabe aurrera
egiteko estrategiek negargurea ematen dute. Gaurko egunkariarekin karta
bat jaso dugu, Eusko Jaurlaritzatik bidali dizutena, zigilu eta guzti,
gezurrez beteta eta auskalo zenbat zuhaitzen odola isurita, aleren bat
hartuz gero berehala atzemango duzunez.
Lotsaren lotsaz, zuri, Ama zaren Jainkosari, zerbait idaztea baino ez
zait bururatzen, beste nora jo jakin barik. Izan ere, hau gutunau gure
izenean bidali dizute, "zure seme-alabak" jartzen du behean. Beherago,
Ingurumen Esparru Programa 2007-2010, hiru urte hauetan emango dizugun
egurraren kareta.
Lau gai nagusiren inguruan 44 konpromiso onartu dituztela diote, zu
maitasunez zaintzeko...
- Klima aldaketari aurre egitea: azken urteotan EAEko CO2 isuriak gehitu
egin dira eta etengabe gehitzen dira. Gutxitzea nahi dutela diote baina
ekintzek hitzak jaten dituzte eta hiru urteotan gehitu egingo dira.
Geroago eta kotxe gehiago, gas erretze elektra planta berriak,
erraustegi nahiak, obra erraldoiak, gora Portland eta tximinia falikoei
goratzarreak...
- Gure natur ondasuna babestea: parke naturalak, erreserbak eta
babestutako biotopoak ezartzen dira, gizakiaren jabetzako kapritxoak
bailiran ("gure natur ondasuna" diote, ez dira zureak jada) baina onura
publikoaren izenean noiznahi harrobi berriak irekiko dizkizute toki
"babestu" hauetan. Ez dute zure eskuzabaltasuna ezagutzen.
- Arnasa hobeto hartu ahal izatea: hau ez dakit zergatik kontatzen
dizuten, gizakien arazo puntuala baino ez da eta. Zikinkeria sortu eta
musu aurrean jartzeko gai gara.
- Kontsumitu bai, baina ito gabe: galduta dabiltza, ama.
Gainera, koittadu sasijakintsu patriarkatu hauek ez zaituzte ezagutu
nahi eta beharbada oraindik somatu ez baduzu ere, AHT izeneko
megaproiektu batekin min eta samin garaiak datozkizu.
Zure haunditasun zabaleko lurralde zati txiki honetan, zain nagusi
batzuk moztu nahi dizkizute, Aralar, Aizkorri eta Udalaitzen sartu, eta
bizi iturri diren ur korronteetaraino zulatuz. Badakit, hauek, beste
lerro kosmoteluriko batzurekin batera, zure energien bideak direna, eta
zainak moztea bezela dena hori zuretzat, baina euskaldun sentitzen
garenontzat ere ez da nolanahiko galera izango, Euskaldunen Herriko
zentru energetiko nagusia, fisikoki, Aralar baita.
Euskaldunen lurralde txiki honetatik,
zuretzat,
besarkadarik haundiena,
zure umetxo batek
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]