Aurreko astean hil zen Jose Luis Isasi, 1957tik 1979ra bitarteko Zeledoia. 
Berrogei urtetik gorakook “betidanik” ezagutu izan dugun Zeledoia, aurrena, 
benetakoa, mitoa indarrean jarri zuena.

           Hamabost urte zeramatzan Isasik Zeledoiarenak egiten nik informazio 
orokorra idazteari  ekin nionean (Z. Argia, 1972), eta aitortu behar dut orduko 
euskal mundu underground hartan arlotetzat gutxiesten genuela frankismoaren gau 
ilunean sortutako pertsonaia. Herri-erakundetzeak eta nolabaiteko euskal 
normalkuntzak etorri behar izan zuten, Euskal Herri guztia ez dela Ataun 
konturatzeko. Geroztik, Zeledoiak bide luzea urratu du eta gaur egun nekez 
ukatuko ditu inork Zalduondoko baserritarraren jatortasuna, herri-atxikimendua 
eta Gasteizko jaien euskal sinboloa.

            Isasiren heriotzak hausnarketa xume bi egiteko beta eskaintzen 
digu. Batetik, zein berriak diren gero gure zenbait tradizio “zahar”. Eta 
ñabardura hau ez dagokio berrogeita hamar urte zahar den Zeledoiari soilik, 
hogeitaka baino ez dituzten Bilboko Marijaiari, Arrasateko Maritxu Kajoitxuri 
eta beste hainbati ere baino. Bestetik, Jose Luis hil bezain laster, Gasteizko 
Udalak bertako Seme Kutun izendatu zuen presaka eta harrapataka. Jose Luisek 
aspaldi merezia zuen aitorpen hori eta inork ez du zor ez zitzaionik esango. 
Zergatik, orduan, hil arte itxaron?

            Ulergarri litzateke gazte samarra izanez gero edo bat-batean hil 
izan balitz. Baina Jose Luisek 77 urte zituen, hiru hilabete zeramatzan 
buru-isuriak jota eta, hain zuzen ere, horregatik ez zuen abuztuko jaietako 
programa ofizialean parte hartzerik izan.

             Hilda gero salda bero. Hobe omen da, bai, berandu sekula baino. 
Baina berandu… berandu da.

 

Amatiño

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to