Hona non Frantziako presidenteak proposatu duen jubilazio bereziak 
kentzea, funtzionarioen kopurua murriztea eta, lan-eskaintzak izan arren paroa 
kobratzen jarraitu nahi dutenei, laguntzak ukatzea. Frantziak erabateko 
iraultza behar omen du.

          Kristoren iraultza da, bai, nonahi, funtzionarioen eskubideak 
eztabaidatzen hastea baina, zer esanik ez gero Frantzian, bertako administrazio 
publikoaren zutabeak XVII. mendeko kolbertismoan oinarritzen baitira. Nolabait 
esateko, hego Euskal Herriko funtzionarioen ajeak eta eskubideak orain 30 
urtekoak baino ez diren artean, Parisko funtzionarioenak, aldiz, orain 350 
urtekoak dira. Atera, atera kontuak.

         Berehala etorri dira sindikatuen kritikak eta greba-mehatxuak, Sarkozy 
presidente kontserbadoreak langileek historian zehar irabazitako eskubideak 
nahi dituela-eta auzitan jarri. Seguru asko arrazoi dute Sarkozyren aldatu 
nahia salatzerakoan, baina ezin izango diote behintzat kontserbadorea denik 
leporatu, ez baitu hain zuzen ere funtzionarioen eskubideak kontserbatu nahi.

        Hasi ere, ez gara orain hasiko Frantziako sindikatuen progresismoa 
ukatzen baina... zenbateraino da aurrerakoia lau beharginetatik bat 
funtzionarioa den sistemari eutsi gura izatea? 

        Bistan da gero mundua zailtzen ari zaiguna. Zuberoako pastoraletan 
denok genekien nortzuk ziren urdinak eta zeintzuk, berriz, gorriak. Orain, 
ostera, antzezlariak oholtza gainean agertu aurretik gidoia irakurri beharra 
dago, nor zein den eta zer nahi duen ulertzeko.

        Amatiño

        Goiz kronika. Euskadi Irratia

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to