Donostiako Zinemaldian aurkeztu da Angel Amigoren El año de todos los demonios. 
1976,  Eduardo Moreno “Pertur” desagertu zen urtea eta Herri honek politikaren 
erronkari ekin zionekoa. Horixe nahi zuen Perturrek, armak utzi eta politikari 
ekin. 

           Giro hartan Xabier Arzalluz elkarrizketatu nuen Argian. Jeltzaleak 
bazekien abertzaletasunak aukera biren artean erabaki behar zuena. Batetik 
ETAren armabidea  eta Estatuaren kontrako enfrentamendua. Bestetik, EAJren 
herri-erakundetzea, legearen ildoa eta kultura, teknologia zein ekonomiaren 
garapena. 

          Joan zen astean Pako Aristik haustura aldarrikatu  zuen Euskadi 
Irratian. Aristik ez du ulertzen zergatik Atutxak, Knörrek, Ibarretxek edo 
Otegik men egiten dioten espainiar legeriari. Jaramonik ere egin ez eta kitto. 
Aristi idazlea da, ez du erantzukizun sozialik eta, behar bada, koherentea 
da... berari tokatzen zaionean besterik egiten ez duen artean. Egun berean, 
Begoña Erraztik desobedientzia zibila aldarrikatu zuen. Errazti politikoa da, 
erantzukizunen bat behar luke eta ez da koherentea.

           Erraztik abertzaleen Espainiarekiko obedientziarik eza nahi du. Eta, 
trukean, abertzaleak ez direnek euskal erakundeei muzin egingo baliete? Behin 
metodoa onartuz gero, zergatik lirateke bete beharrekoak EAren ardurapeko 
Justizia Sailaren edota Gipuzkoako Ogasunaren aginduak? 

          Jira eta buelta, bide bi baino ez daude. Indarrean dagoen legeria 
bete ala ez. Jakina legeak aldatu daitezkeena, baina legez. Horretarako behar 
diren gizarte-itun, lege-betekizun eta gehiengo politiko zabalekin batera, 
1979an bezalaxe. Eta gizarte-itun, lege-betekizun eta gehiengo politiko zabalik 
gabeko bideek 1976ko deabruetara atzeratzen gaituzte berriro ere.

 

Amatiño

_______________________________________________
Mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to