Romano Prodi italiar lehen ministroak heriotza-zigorra mundu guztian 
kentzeko eskabidea azaldu du Nazio Batuen Biltzarrean. Europako Alderdi 
Demokrataren lehendakariaren iritziz “gizakiak ez du zientziaz soil-soilik 
aurreratu behar, baita etikaz ere” eta heriotza-zigorra behin betiko kentzeak 
Justizia sakonduko omen luke eta “mendeku-kultura gainditu.”  

          Historian zehar, herri eta gizarte guzti-guztiak baliatu izan dira 
heriotza-zigorraz gaizkileak akabatzeko nahiz arerio politikoak garbitzeko. 
Gaur egun, munduko laurogeita hamar estaturen legerian indarrean dago oraindik 
zigor hau, praktikan heriotzarik gehien-gehienak Estatu Batuetan eta Txinan 
gertatzen badira ere. 

         Gezurra dirudien arren, heriotza-zigorraren abolizioa XX. mendeko 
lorpena da, 1970etik honakoa batez ere. Hau da, bizi garenon giza-andanaren 
lorpena. Eta Europan, Bielorrusian edo izan ezik, gainerako estatu guztietan 
debekatua dago heriotza-zigorra, giza eskubideen kontrako erabakirik latzena 
delakoan.

         Heriotza-zigorrik gabeko Europan salbuespen bakarra Bielorrusia dela 
esan dut… baina ez, Euskadin ere bada horrelakorik. Gurean ere 
heriotza-zigorrak indarrean dirau, beti ere aberriaren izenean eta aberria 
salbatzeko baldin bada, jakina. Eta denok lasai. Ea hurrengoan nori tokatzen 
zaion. Euskadi Irratiak Goiz kronika honetan emango du izenaren berri. 
Entzuteko gauza izan zaitezela entzule.

        Amatiño. Goiz kronika. Euskadi Irratia

 

_______________________________________________
Mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to