Perretxiko sasoia dugu. Hainbat otordu egiteko mordoxkadak hartzen ditut nik, 
etxetik ordubetera oinez. Lantzean behin pinu-onddo edo urretxaren bat, 
galanpernak gehiago eta robelloiak (Lactarius deliciosus: nizkaloa, 
piñutela...), berriz, biharamunean txiza gorria egiteko lain.

        Zenbait perretxikozalek gutxietsi egiten du pinuditako robelloia. Ez 
omen da "hemengo" perretxikoa, oraintsu arte gurean jaten ez zena, katalanen 
gustukoa baino ez. Auskalo zergatik ez zuten gure zaharrek pinu-perretxikorik 
jaten... Erdipurdikotzat baztertzen zituztelako ala XX. menderarte pinudirik ez 
zelako? 

         Robelloia 1920 inguruan hasi ei zen gure artean jaten, lanera 
etorritako katalanen eraginez. Ordutik honako janari berriak baztertu beharko 
bagenitu ezin izango genuke tomate gordinik ere jan. Ez nuen nik gaztetan piña 
naturalik ezagutu, ezta endibiarik edo Tuterako kukulurik ere. Eta zer esanik 
ez kiwiak edo Ibarrako piperminak, bart gauekoak baitira, Gernikako piperra 
Donostialdean berria den bezala.

        Ez dakit nik gure pinudietan sortzen den robelloia zenbateraino den 
kanpokoa, pinua bera baino kanpokoagoa... esangura dut. Robelloitan ikusten 
ditudan perretxikozaleak ez  dira behintzat kanpotarrak, inguruko baserritarrak 
baino. 

 Txapelak ahuspez jarri, kirtenak zatitu, berakatza eta perrexila xehetu, gatz 
ikutuaz oliotan prejitu eta... katalanek ez omen dakite jaten. Ez, katalanek ez 
dakite baina guk Santimamiñen muxilak bizirik jaten genituen denboretan, eurak 
ardoa eta olioa ezagutzen zituzten. Ez gero ahaztu Lactarius Deliciosusa 
izenaren jabe izateaz gainera, Ponpeiako aztarnegietako marrazkietan agertzen 
dela.  

 

Amatiño

 

_______________________________________________
Mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to