Gaurkoan baloreen aldaketez hitzegin gura nuke eta, denok 
ulertzeko, onena, orain berrogeitaka urte Joan Baezek modan jarri zuen kanta 
gogoratzea da: "El preso número 9". Badakizue, emaztea eta adiskide mina 
elkarrekin ohean aurkitu eta biak bertan hil zituen presoaren kanta: "Pero al 
mirar a su amor en brazos de su rival, ardió en su pecho el rencor y no se pudo 
aguantar". Batere damurik gabe, gainera: "Los maté, sí señor, y si vuelvo a 
nacer, yo los vuelvo a matar".

                  Aldaketa-garaiak ziren eta Joan Baez ez zen ganorabako 
txaplata. Joan Baez *protesta-kantaren erregina* zen, Bob Dylanen bikotea, eta 
Vietnamgo gerraren kontra, giza eskubideen alde eta indarkeria guztien aurka 
buru-belarri jardun zuen.

                   Berrogei urte geroago, matxismoa ez dago modan, eta emaztea 
beste norbaitekin joanez gero, senar zentzudunak egin beharreko galdera ez da 
noiz edo norekin alde egin ote duen emazteak, zergatik baizik. Ez, matxismoa ez 
dago modan, militarismoa, tolerantziarik eza eta inor hiltzea modan ez dauden 
bezala.

                 Gaur egun gizartean dugun hainbat balore -feminismoa, 
berdintasuna, antimilitarismoa, indarkeriarik eza, bakea, bizitzaren balioa...- 
orain berrogei urteko mugimendu hippyari zor diogu eta, oraindik ere, 
matxismoaren, militarismoaren, indarkeriaren eta inor hiltzearen balore 
terapeutikoa defenditzeko gertu daudenek Joan Baezen aurreko gizarte 
tradizional eta zaharkituan jarraitzen dute.  Aurrerakoiak izan beharraren 
beharrez, zaharrak baino zaharragoak dira. Heldu aurretik, nagusitu aurretik, 
ezer gutxi ezagutu aurretik... gazte zahar zaharrak.

 

                    Amatiño

_______________________________________________
Mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to