Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak datorren urteko aurrekontu-proposamena 
aurkeztu du eta urteroko kritika berberak jaso. Zalantzarik ez gero Kultura 
Sailak behar hainbat kritika merezi duela, baina ez duena balio zera da: Urtero 
gezur berberak esan eta, gainera, urtero berriak balira bezala azaldu.

 

Hasteko, egia da, bai, aurten ere, Kultura Sailaren aurrekontuen erdia EITBk 
eramaten duela eta Hizkuntza Politikak, berriz, %20. Bai, egia ere bada, 
EiTBren aurrekontua %6 izango litzatekeela, eta Hizkuntza Politikarena %2, 
Hezkuntza Sailean edo baleude. Gehiegi ote?

 

Kultura Sailak kritika merezi du segurutik baina, hala ere, Espainiako Kultura 
Ministeritzarekin alderatzea iruzur hutsa da, RTVEren aurrekontuak eta bere zor 
historiko izugarria ez baitaude Kulturan, gaztelaniaren hizkuntza politika 
kudeatzen duen Cervantes Institutua ez dagoen bezalaxe. 

 

Bai, Kultura Sailaren aurrekontuak hobegarri dira seguraski, baina ez dago 
Autonomi Erkidegoaren kultura-aurrekontuak Jaurlaritzaren aurrekontuen arabera 
neurtzerik soilik, hiru diputazioen kultura-aurrekontuak Jaurlaritzarenak baino 
handiagoak direla aipatzeke edota kultura-arloan gure udalen ahalmena 
ingurukoena baino handiagoa dela gogoratu barik.

 

Era berean, Kultura Sailak zinemagintzarako jarritako 8 milioi euroren 
aurrekontua ez da, ez, nahi beste izango, baina eskasia hau kritikatzeaz 
gainera ondo legoke salatzea espainiar gobernuak ez duela oraindik 
zine-eskuduntza transferitu eta, beraz, euskal hiritarrek birritan ordaintzen 
ditugula bertako zinearen aurrekontuak. Hau da, transferentziarik balitz 16 
milioi euro izango genituzkeela diru-ahalegin berberaz.

 

Amatiño

_______________________________________________
Mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to