Bi dira gaur egungo gizartean indarrean dagoen telekraziaren berezitasunak. 
Batetik, komunikabideak, oro har, eta telebista, bereziki, direla iritzi 
publikoaren sortzaile eta bideratzaileak. Bestetik, talaia horietan suspertu 
ohi den iritzi publikoaren eragileak letretakoak direla gehienbat. Edota, 
hobeto esan, komunikabideetan pentsalari eta intelektualtzat azaldu ohi diren 
asko eta asko  idazle direla alegia.

 

Idazle izatea gauza serioa da eta pentsalari izatea, zer esanik ez. Euskal 
munduan urtetan uste izan genuen aski zela han-hemenka hiruzpalau huskeria 
idaztea besterik gabe idazle izateko. Garai batean, Euskal Idazleen Elkartearen 
zerrenda miatu baino ez zegoen hartaz jabetzeko. Ildo beretik, oraindik ere 
jarraitzen dugu uste izaten, aski dela idazle izatea pentsalari edo intelektual 
izateko.  

 

Hala ere, besterik frogatzen ez den artean, kazetariak, poetak edo nobelagileak 
ez dira bestelako arloetako profesionalak baino intelektual edo pentsalari 
handiagoak. Segurutik, nor bere arloan, zein baino zein hobeak izango dira, 
baina hainbat literatura-generorekiko trebetasunak ez die hain konplexuak diren 
gizarte-zientzietan jakituria berezirik segurtatzen. Are gutxiago maisutasunik. 

 

Seguru gero idazle jendeak plaza irekian esaten dituenak zentzuzkoak direna. 
Kontua ez da zentzuzkoak ez izana, zeharo arruntak izana baizik. Horretara,   
arazoa ez da gauza arruntak esatea, intelektualen burutik ateratako 
pentsamenduak direla sinestea baino.

 

Eta arriskurik arriskutsuena, beraz, erdipurdiko hausnarketa xumeak baino ez 
direnak  pentsamendu intelektual sakontzat jotzea. Entretenituko gara, bai, 
baina ez dugu, horratik, aurrera egingo. 

 

Amatiño

_______________________________________________
Mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to