Antoni Castells Bilbon izan dugu ekonomiaz eta politikaz berba egiten.
Castells, Lluís Llach-en hainbat kantaren letragilea izateaz gainera,
ekonomilaria da eta, hain zuzen ere, Kataluniako Ekonomia Sailburua.
Euskadi eta Kataluniaren ekonomiek sekulako gorakada egin dute azken
hogei urteotan. 1986an, Europako Batasunean sartu ginenean, gure Barne Produktu
Gordina Europar Batasuneko hamabost estatuen ehuneko 88 zen. Hau da, batez
beste, hamabi puntu behetik. Orain, ostera, hemeretzi puntu goitik. Hau da,
hogei urtean, hogeita hamaika puntuko gorakada egin dugu.
Castellsen ustez, nazioarteko lehiakortasuna ez da enpresen artean
soilik jokatzen, baita lurraldeen artean ere. Eta Westfalia-Renania, Lonbardia
edo Bavariaren ildotik, errejio europarren zerrendan goiari eusteko, hiru omen
dira baldintzak.
Lehenik, azpiegitura onak. Esaterako, batetik, portuak, aireportuak,
abiada handiko trenbidea eta merkantziak banatzeko garraio modernoak; bestetik,
informazioa eta ezagutza abiatzeko komunikabide telematikoak; baita
energia-azpiegiturak ere.
Bigarrenik, behar-beharrezkoak omen dira hiritarren prestakuntza eta
trebakuntza segurtatuko dituzten hezkuntza-sistema ona eta unibertsitate-maila
handia.
Eta, hirugarrenik, enpresa-sare errotua eta aurreratua, eta erabaki
sakonak hartzeko ahalmen eta borondate politikoak.
Modelu honek funtzionatu egin du azken hogei urteotan Euskadin.
Modeluaren arrakasta begi bistakoa da Europan zehar. Zenbaitek esan dezake
nahiago lukeela beste modeluren bat. Bapo, baina esan dezala zein den
alternatiba eta, hori bai, oso garrantzitsua gero, segurtatu diezaigula
herritarroi, gutxienik, beste horrenbesteko arrakasta.
Amatiño
Goiz kronika
Euskadi Irratia
2007-11-27
_______________________________________________
Mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]