"Esaidazu norekin diharduzun eta esango dizut nor zaren" dio errefrauak. Eta, 
ildo beretik beste hau ere izan zitekeen: "Esaidazu ze telebista ikusten duzun 
eta esango dizut nor zaren". Edota beste hau: "Zelako telebista, halako 
herria". 

            Segurutik Ameriketako Estatu Batuetan telebista publikoak ez du 
indarrik, gizarte zeharo pribatizatua delako. Seguru asko Europan ahalmen 
handia du telebista publikoak, bertako tradizioak publikotasunaren defentsa 
egiten jarraitzen duelako.

            Era berean, Eireko telebista irlandarren hizkuntza-ardurarik ezaren 
ispilu gardena da, Kataluniako telebista-merkatua katalanaren osasunaren fruitu 
naroa den bezala, eta Euskal Telebistaren bi kateak gure hizkuntza-orekaren 
adierazgarri diren moduan.  

            Hain zuzen, Euskal Telebistarena da, munduan, aldi berean hizkuntza 
bitan lan egiten duen bakarra. Ez soilik teilatupe berean ari direlako 
euskarazko zein gaztelaniazko bi kateak, edota biek zuzendaritza berbera 
dutelako, baita lan-talde askok ere bi kateentzat lan egin ohi dutelako aldi 
berean. Auskalo modelurik onena den, baina bai behintzat integratuena, euskal 
gizarte-integrazioaren lekuko. 

            Besterik da, ostera, Belgikako Telebista. Batetik RTBF (Radio 
Televisión Belge France), frantsesez, eta bestetik VRT (Vlaamse Radio-en 
Televisieomroep), flandrieraz. Biak sortarazi zituen elkarrekin Paul-Henri 
Spaak politikariak (Europako Batasunaren gurasoetako bat) 1960an, eta biak 
daude Bruselako Reyers-Reyerslaan kalean, sarrera bi guztiz kontrajarriak 
dituen egoitza berean. Ate bi, zuzendaritza bi, isil-poltsa bi, lan-talde bi, 
gizarte-helburu bi eta, inoiz suterik balitz, baita amatatzeko itzalgailu bi 
ere.

 Hori da Belgika. 

 

             Amatiño
_______________________________________________
Mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to