Urtero bezala aurtengo inauterien data eta ospakizun interesgarrienekin albiste bat prestatzen ari nintzen dantzan.com-erako. Aurten inoiz baino goizago datoz eta hori azalduz sarrera bat [1] publikatu genuen, baina data mordoska biltzen duen sarrera ezkutuan, edo hobe esanda "argitaratu gabe" moduan neukan, hozkailuan, data batzuk kontrastatzea falta zitzaidan eta. Halako batean, atzoko Berrian inauterien inguruko artikulu bat [2] argitaratu da. Irakurtzen hasi eta dantzan.com-eko bi artikuluetako edukina (argitaratuta zegoena eta argitaratu gabe geneukana) jasotzen zituen artikuluak. Informazioaren iturria, alegia, dantzan.com 3-4 aldiz aipatzen zuen argi eta garbi Berriako artikuluak. Eta erdi-ezkutuan nuen inauterien data zerrenda probisionala ere jasotzen zuen! Publikatu gabe izan arren, zirriborro bezala zegoenez dantzan.com-eko bilatzaileak aurki zezakeen artikulua, eta beraz, Berriako kazetariak lan txukuna egin zuen, nirea baino zorrotzagoa!
Korrika eta presaka, azken zuzenketa batzuk egin eta argitaratu nuen dantzan.com-en inauterien albistea [3], jendeak Berrian irakurrita webgunera jo eta aipatutako artikulua aurki zezan. Artikulua publikatu eta handik gutxira bi irratitik idatzi eta deitu zidaten, Gasteizko Hala Beditik eta Radio Euskaditik, albistea dantzan.com-en irakurri dutela eta elkarrizketa eskaera eginez. Atzo arratsaldean jardun nuen RE-ko Graffitin eta behin eta berriz aipatu zuten dantzan.com-en irakurri zutela albistea. Beraz, beste batzutan komunikabide konbentzional batzuk Interneteko albistegiei behar bezalako jaramonik egiten ez dietela salatu izan dugun moduan, aitortu behar dut oraingoan batzuk behintzat oso fin eta azkar dabiltzala erakutsi didatela. oier. [1] http://www.dantzan.com/albisteak/inauteriak-inoiz-baino-goizago [2] http://tinyurl.com/2ktcs8 [3] http://www.dantzan.com/albisteak/inauteriak-2008
_______________________________________________ Mezuak bidaltzeko: [email protected] http://www.eibar.org/zerrenda harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]
