Oso gogoeta interesgarrixa iruditzen jata; batez be langabetuekin
elkartasunana. Baiña "gehixengo sindikal" hori nahikua fosilizauta
ikusten dot, bihargin guztien interesen alde barik, euren afiliauen alde
burrukatzen bakarrik.
Eta greba orokorrari buruz, iñoiz esan dot hamen bebai: tribializatuta
dago. Ondo egiñ, edo ez egiñ.
O.
Deitu duten GREBA OROKORRA EZ DA ASKI izango langileen aurkako erasoak
geldiarazteko. Sindikatuen erantzukizuna handia da. Ausardiaz eta
azkartasunez jokatu behar dute.
Eskutitzak dioenarekin ados bazaudete zabaldu, mesedez.
Eskerrik asko.
SINDIKATUEI ESKUTITZA
Euskal Herriko gehiengo sindikaleko kideetako bat naizen aldetik idazten
dizuet. Zuen denboraren tartetxo bat eskaintzeko eskatzen dizuet.
Eskerrik asko zuen arretagatik.
Hasteko, bat nator dagoen egoera ekonomiko kaxkarraren inguruan egiten
duzuen azterketarekin eta ulertzen dut ekainaren 29ko greba deialdia
zergatik konbokatu duzuen. Hala ere, egin duzuen egoeraren
diagnostikoarekin, esan bezala, bat natorren arren ez nago ados greba
orokorraren deialdiarekin, ez deitu edo egin den bezala. Hona nire
argudioak.
GREBA OROKORRA OTE DA NEURRI-NEURRIKO ERANTZUNA?
Sindikatuen azkenaldiko deialdiek berehalako erantzuna jasotzen dute
langile militanteenen aldetik baina oso ahula eta eskasa ere bai
langilegoaren zati handi batengandik, agian langile kontzientzia
ezagatik edo motibazio faltagatik, edo komunikabideek ere etengabe
jarduten dutelako desmotibatze lanean. Dena delakoagatik greba deialdiak
aldeko eta aurkako indarrak izan daitezke sindikatuentzat ere. Badugu
eskarmenturik Euskal Herrian eraginik gabeko grebak direla eta,
batzuetan greba egileei kalte handiagoa egin izan diete salatu nahi zen
egoeraren errudunei baino.
Greba langileek duten tresna bat da, bere etekinak ematen dituena, hala
eman zituen XIX. mendean, baita XX. mendeko zenbait unetan ere, ez
orduan bakarrik testuinguru egokian azken urteetan ere balio handiko
tresna izan da. Orain ordea, zuzen jokatu behar dugu eta aitortu gaur
egun taktikoki desegoki erabiliz gero alferrikakoa eta langileen
aurkakoa ere izan daitekeela. Greba presioa egiteko tresna bat da, izan
ditzakeen eta dituen ondorioak neurtuta, bai langileentzat bai jomuga
direnentzat, baliatu behar da. Nik uste dut jomuga direnek, bankuek,
gobernuak eta agintariek, hutsala ikusten dute greba eta ez zaie gehiegi
axola, itxuraz beste zerbait badiote ere. Kalte egingo die, baina kalte
onargarria da euren ikuspegitik. Eta oso garbi daukate zer gertatuko
den, funtzionarien azken greba ikusi besterik ez dago. Bai Estatuan bai
Euskal Herrian, arlo batean nahiz bestean, porrota errepikatuko da. Izan
ere, zer da grebak arrakasta izatea, greba jende askok
egitea? Orduan tresna eta helburua nahasten ari gara. Helburua
langileen kontrako erasoak geldiaraztea da.
Aurrekoa ondo ulertu, mesedez: hau guzti hau gaizki aterako da greba
besterik egiten ez badugu, eta horixe dirudi egin behar dugula. Hori ote
da dugun tresna bakarra, sindikatuen estrategiako taktika bakarra,
greba, tiro bakarreko eskopeta ote dugu, protesta egiteko manifestapena
eta ondorio eskaseko greba orokorra? Ez du zergatik horrela izan beharrik!
Espainiako sindikatuei egiten diegun salaketak, gobernuarekin ados
daudela eta greba deialdia itxura hutsa dela, salaketa horrexek
erakusten digu gorago esandakoa. Tranpa berdinean eroriko al gara? Ezin
dugu aurpegia garbitu Euskal Herriko grebaren data aparte ipiniz eta guk
geurea egingo dugula esanez.
GREBA OROKORRA EZ DA ASKI IZANGO
Sindikatuek gidaritza hartu behar dute, euskal gizartea mugiarazi behar
dute, behar den irudimena erabili behar dute denok bat gatozen
estrategia garatzeko -langileei egiten zaizkien erasoei erantzuteko
estrategia- taktika bizi, burutsu eta azkarra behar ditu, etsaien
ahuleziak agerian utziz -zenbat eta gorago uzkia ageriago-, eta
erresistentzia zibil indartsua prestatu behar dute botereei kalte egingo
diena eta langileei mesede. Badugu zenbait mugimendu eredugarri Euskal
Herrian, esate baterako intsumituen mugimenduak argi erakutsi zuen lagun
gutxik ondo koordinatuta zer lor dezaketen. Eta euskal sindikatuen indar
potentziala askoz handiagoa da.
LANGABETUEKIN ELKARTASUNA
Langabetuek ere euskal sindikatuen laguntza behar dute. Dugun egoeraren
talde kaltetuena da. Beharbada sindikatuak zentratuegi daude lana
dutenengan, ez dutenak ia ahaztuz -argi dago lan dutenek lana ez galtzea
garrantzitsua dela eta langileen eskubideen defentsa oinarrizko
lehentasuna dela-. Baina sindikatuek ahalegin handiagoa egin behar dute,
langabetuen aldeko proposamenak bultzatuz, jubilatuen alde eta diru
sarrerarik ez duen edonoren alde.
Gai honetan ere hitzak eta aldarrikapenak ez dira aski. Gure
erakundeetan bete-betean egon behar dute. Erakunde sindikalak zabaldu
behar dira, antigualeko mugak apurtu eta elkarrekin lan egin,
elkartasuna eskaini behar dutenei. Sindikatuek laguntzak eman behar
dituzte, bai diru aldetik elkartasun poltsak baliatuz, bai kooperatiba
eta lanpostuen sorreran laguntza emanez. Langileak eta langabetuak
txanpon bereko bi aurpegiak gara.
NORK ERABAKITZEN DU?
Erabakitzeari dagokionez nik uste dut euskal sindikatuetako ordezkariek
eta liderrek malgutasun handiagoa beharko luketela garai berri hauetan,
proposamenak aurkezteko era berriak bideratuz, proposamenak
eztabaidatzeko denbora eta une aproposak eskainiz, honela denen
ikuspegiak hartuko dira aintzat eta erabakiak aberatsagoak izango dira.
Goitik beherako deialdiak parte hartzeko bide zuzenagoekin osatu beharra
dago.
EKINTZAK LEHENBAILEHEN
Aipatu dudan guztiaren ondoren egoerari erantzuteko erari buruzko
eztabaida proposatzen dut -eztabaida burutu bada nik ez dut horren
berririk izan- eta dagoeneko bururatu zaidan zenbait bota nahi dut,
indarkeriarik gabeko zenbait ekintza proposatu nahi dut gizartea
mugiarazten hasteko egokiak iruditzen zaizkidanak.
-Kapital eta bankuen aurkakoak ?Ordain dezatela eurek krisia!?
Enpresa handietako karguen dirutzak eta pribilegioak lau haizeetara zabaldu
Jabe handien aberastasunak, tranpak, irabaziak, eta abar.
-Gobernuaren aurkakoak ?GOBERNUA ABERATSEN ALDE, BETI BEZALA?
-Politikoen aurkakoak ?DIRU MURRIZKETA POLITIKOEI?
Politikoen dirutzak eta pribilegioak salatu
Alferrikako erakundeak salatu
Diru xahuketa salatu
-Elkartasuna langabetuekin
Laguntza poltsak sortu
Elkartasun sareak antolatu
Kooperatiben eta lanpostuen sorreran lagundu
_______________________________________________
Harpidetza eteteko, bidali mezua hona: [email protected]
izenburuan jarriz 'unsubscribe' (horixe bakarrik, komatxo barik)
Ondoren konfirmazio mezua jasoko duzu harpidetza-etetea berresteko.