Jonan Fernadezek gaur Berrian, eta guztiz asmatzen dabela uste dot: ETAren 
amaiera (ordenatuak) antsietatea sorrarazten duJonan Fernandez Amaiera ona. 
ETAren indarkeriaren amaieraren aurrean gaude. Oso berri ona da. Baina berri 
hobeagoa da amaiera ona delako. Kontrapartidarik gabeko eta memoria duen 
amaiera da. Eta batez ere, amaiera ordenatua da. Aurretik dauzkagun 
bizikidetzaren erronkei beste modu batean aurre egiteko behar genuen amaiera da.

Ez zeukan preziorik; baina bide bat behar zuen. Amaiera desordenatu batek ez 
zuen batere bideragarria egingo orain zabaldu dezakegun bizikidetzaren 
berradiskidetze-prozesua. Porrotaren eredua deitutakoak amaiera desordenatua 
zekarren. Indarkeriaren amaierak ez zekarren, zenbaitek zioten bezala, prezio 
politikorik; baina erraztuko zuen bide ordenatua eta elkarrizketatua behar 
zuen. Beharrezkoa zen aldeko baldintzak sortzea horretarako. Zorionak bide hau 
posible egiten lagundu duten guztiei.

Antsietate handiko erreakzioak ospakizunen artean. Bost hamarkadaren ondoren, 
gaur gertakari benetan historikoa ospatzeko unea da. Baina aldi berean 
korronteei eta joerei adi egon behar dugu une hau nondik eta nola bideratu nahi 
den ikusteko. Bitxikeria dirudi, baina amaiera on baten aurrean gauden arren, 
erreakzio askotan zaindu beharreko bi antsietate mota ikusten dira: domina eta 
kontakizuna.

Aldeko dominaren antsietatea. Batzuen artean, lasterketa zoroa dago ETAren 
amaieraren egile nagusia «geureak eta geureen estrategia» izan dela erakusteko. 
Aldeko dominaren bilaketa leratsua da. Arrazoiketa hau nahiko agerikoa eta 
hutsala da, batez ere, bereizten dakien gizarte heldu batentzat. Antsietate 
mota honen aurrean, gomendagarria da lasaitasuna, umiltasuna eta seriotasun 
pixka bat. Indarkeriaren amaiera faktore multzo baten baturaren emaitza da, 
inork ezin diona egotzi bere buruari bakarrik.

Alde bateko kontakizunaren antsietatea. Beste antsietatea kontakizun 
azkarrarena da, motza eta ñabardurarik gabea. Batzuk arinegi dabiltzala dirudi, 
ez dute disimulatzen. Egun batzuetako epe laburrean bost hamarkadatan 
gertaturiko guztia ikuspegi aurrefabrikatu eta itxiarekin osatu eta fakturatu 
nahi dute. (Iruzkin hau luzeegia ez egitearren, egun batzuk barrurako utziko 
dut «irabazleak eta galtzaileak» gaiari buruzko hausnarketa zehatza, hori ere 
kontakizunaren gatazkaren baitan baitago). Dena dela, norberaren posizioari 
traba egingo ez dion alde bateko kontakizun bat enkofratzea da kontua. Oroimen 
eta berradiskidetze kontuetan gauzak presaka egitea kontraindikatua dago. 
Tratamendua, oraingoan ere, lasaitasuna da, denbora, perspektiba eta guztion 
artean partekatzea.

Berradiskidetzearen ezaugarri «madarikatua». Iraganaren oroitzapen kritikoak 
giza eskubide guztien urratzea hartu behar du bere barnean, ahazte eta 
salbuespenik gabe, inongo zigorgabetasuni atea zabalik ez uzteko. Kontakizunak 
gertatu denari buruzko diagnostikoaren interpretazio desberdinak daudela onartu 
beharko du; baina kontakizun horrek balorazio etiko partekatua ekarri behar du. 
Hau da erronka. Diagnostikoa ez nahitaez; baina gertaturikoaren deskribapenak 
eta bere balorazio etikoak partekatuak behar dute. Erronka honek denbora behar 
du, eta partekatua izan behar du. Hau da berradiskidetzearen ezaugarri 
«madarikatua»: partekatua da edo ez da. Antsietate eta premia interesatuez 
haratago, hau da aurretik daukaguna.                                    
_______________________________________________
Harpidetza eteteko, bidali mezua hona:   [email protected]
izenburuan jarriz 'unsubscribe' (horixe bakarrik, komatxo barik)

Ondoren konfirmazio mezua jasoko duzu harpidetza-etetea berresteko.

Reply via email to